Gizartea
Ostalaritzaren berrirekiera
EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari nola erantzun aztertzen ari da Jaurlaritza
E. G. | EITB MEDIA
Gobernuko zerbitzu juridikoek astelehenera arteko epea dute autoaren aurkako helegitea aurkezteko. Bestalde, "Bultza Kirola Euskadi" elkarteak dio LABIri itxarongo diola epaitegira jo aurretik.
-
Bilboko justizia jauregiaren fatxada. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira nola erantzun Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak hartutako erabakiari, hau da, Euskadin eremu gorrian dauden tabernak berriz irekitzea baimentzeari.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko iturriek azaldu dutenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoaren inguruan kasazio-errekurtsoa jartzea aztertzen ari dira; izan ere, auto horrek ostalaritzaren sektoreari arrazoia eman dio kautelaz. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek bost eguneko epea dute (datorren astelehenean amaituko da) autoaren aurkako helegitea aurkezteko.
Ohar batean Luis Garrido epailea errefusatzeko aukerari dagokionez, zerbitzu juridikoek uste dute ez dela gai horretan sartzeko unea, oraindik ez baitakigu noiz, zein baldintzatan eta zein epaitegirekin egingo den auziaren funtsari buruzko epaiketa.
Garrido polemikaren erdigunean dago, irratsaio batean esandakoengatik. "Epidemiologoak ikastarotxo bat egin duten familiako medikuak dira", adierazi zuen Garridok, eta covid-19aren kontra Espainiako Estatuan eta hainbat herrialdetan hartutako neurriak Erdi Arokoekin parekatu zituen. Horrez gain, bere WhatsAppeko profilean "No more lockdown" esaldia ("Itxialdi gehiagorik ez") duela zabaldu da. Van Morrisonen abesti baten izenburua da, negazionistek aldarri aukeratu dutena.
Adierazpenez galdetuta, Garridok argitu du epidemiologiari buruzko hitzak "tertulia baten beroaldian" egindakoak izan zirela eta "agian zuzena ez zen esaldiren" bota zuela aitortu du. Profilaren kontua ahotan, zehaztu du Morrisonen jarraitzaile sutsua dela eta haren beste edozein abesti aukera zezakeela.
Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak ere polemika hizpide eta epaileen adierazpen askatasuna defendatu du. Horren iritzian, "harrituko nintzateke adierazpenak errekusaziorako erabiltzen badira".
Uriartek uste du polemika "gehiegizkoa" dela eta deitoratu du "epaimahaiko kide baten kontu pertsonalak" haizatzen ari direla, kautelazko neurriak hiru magistratuk hartu dituztela kontuan hartu gabe. "Bakar bati buruz ari dira, erabakia hartzeko atzean dauden arrazoiak alde batera utzita".
Aurretik ere Jaurlaritzak hartutako neurrien kontrako ebazpenak eman ditu Garridok zuzentzen duen salak. Abuztuan, gaueko ostalaritzaren itxiera ordua 01:30era aurreratzearen kontra egin zuen (15 egunen buruan onartu bazuen ere) eta urrian, bilkurak sei pertsonetara mugatzea baztertu zuen.
Eskola-kirola, LABIren zain
Bestalde, "Bultza Kirola Euskadi" elkarteak, 500 euskal klub eta federazio baino gehiago biltzen dituenak, esan du ostiral honetako LABIk hartuko dituen erabakien zain egongo dela. Ondoren erabakiko du kirol jarduerak itzuli ahal izatea eskatzeko auzitegietan demanda bat aurkeztuko duen ala ez.
Azken hilabeteetan aipatu plataformak eskola-kirolak itzultzea babestu du, Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurrea hartzeko debekatua baitu.
Auzitegi Nagusiak aste honetan ostalaritzaren inguruan kaleratutako autoaren ostean, plataformak auzitegi berera jo dezake.
Elkarteak azaldu duenez, "Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak irekitako bidetik jotzeko gure sektorearen aukera baloratzeko aholkularitza legala" eskatu dute. Dena dela, "bide hori erabili behar ez izatea" espero dutela gaineratu du.
Halaber, 316 klubek egindako beste ikerketa baten ondorioak ere aurkeztu dituzte: "Frogatuta geratu da modu kontrolatuan egindako kirola irtenbidea dela; izan ere, osasuna, hezkuntza eta ekonomia dakarzkio gure gizarteari". Gogorarazi dute, hain justu hiru puntu horiek direla LABIk erabakiak hartzeko orduan kontutan izaten dituen hiru puntu nagusiak.
Atal honetan "alarma gehien pizten dira, kirolarien % 20,94 galtzen ari baita. Aurreko denboraldian baino 85 094 kirolari gutxiago dira ", esan dute.