Gizartea
Koronabirusa
Positiboen tasa % 3,4an kokatu da Nafarroan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Horrez gain, covid-19aren andui britainiarra zabaltzen ari da eta azken orduetako positiboen artean % 18,36 kasutan detektatu dute.
-
Osasun langile bat proba serologikoak egiten. Argazkia: EFE
Atzo, 97 positibo berri izan ziren eta 84 urteko gizon bat hil zen covid-19arekin Nafarroan. 2.869 proba egin zituzten eta positiboen tasa % 3,4an kokatu da.
Guztira, 50.121 pertsona daude kutsatuta eta 1.074 heriotza izan dira pandemia hasi zenetik.
Egun, 159 lagun daude ospitalean covid-19ak jota. Atzo, beste bederatzi pertsona eraman zituzten erietxera, baina bakar bat ere ez zaintza berezietako unitateetara.
Udalerriei dagokienez, Iruñean eta inguruko herrietan antzeman dituzte kasuen erdia baino gehiago (% 52).
Adina kontuan hartuta, positibo gehienak 15-29 eta 45-59 adin tarteetan detektatu dituzte, % 27 eta % 23, hurrenez hurren.
Positibo berrien bataz besteko adina, berriz, 40 urtetan dago.
Ospitaleetan 159 pertsona daude koronabirusarekin, atzo baino hiru lagun gutxiago. Zainketa intentsiboetako unitateetan, berriz, 25 paziente daude, bezperan baino hiru gutxiago.
Atzo, 1.364 txerto jarri zituzten eta guztira 38.928 nafarrek hartu dute covid-19ari aurre egiteko txertoa. 14.275 dira dagoeneko bi dosiak hartu dituzten lagunak.
Ikastetxeetako egoerari dagokionez, azken orduetan 42 ikasle jarri dituzte koarentenan. Guztira, 1.082 ikasle daude isolatuta eta 53 ikasgela itxita.
Andui britainiarra zabaltzen ari da
Bestalde, Santos Indurain Osasun kontseilariak baieztatu du covid-19aren andui britainiarra hedatzen ari dela eta azken orduetako positiboen artean % 18,36 kasutan detektatu dutela.
Ildo horretan, esan du ezinbestekoa dela aldaera ezberdinak antzemateko tresnak indartzea eta ziurtatu du orain arte hartutako neurriak eraginkorrak direla. Alabaina, zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin du.
Andui britainiarraren harira, Indurainek adierazi du espero zutela haren hedapena eta "kezkatuta" daudela. Halaber, detekziorako erremintak eta metodologia eguneratu dituztela eta Erresuma Batutik etorritako pertsonekin harremanetan egon diren lagunei probak egiten dizkietela gogoratu du, baita baheketa aleatorioak ere.
"Andui britainiarra azkarrago hedatzen da, errazago kutsatzen delako, baina oraingoz ez dago froga zientifikorik larriagoa edo hilkorragoa dela baieztatzeko", azaldu du. Hori bai, kutsatzeak azkarrago ematen badira, horrek ospitaleetan eragina izango duela ohartarazi du.