Gizartea
Koronabirusa
Auzitegiak oniritzia eman die Nafarroan hartu dituzten neurri murriztaileei
agentziak | eitb media
Orain arte indarrean zeuden neurri berberak dira, baina ostegunean amaitu behar ziren, Gobernuak 25era arte luzatzea erabaki zuen arte.
-
Terraza bat Nafarroan. Argazkia: EiTB
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak oniritzia eman dio Nafarroako Gobernuaren Osasun sailburuak atzo emandako foru aginduari. Hori horrela, otsailaren 25era arte luzatu dituzte Nafarroan covid-19ari aurre egiteko neurriak.
Gaur arte indarrean zeuden neurri berak dira, baina ostegunean amaitzen zen horien eragina. Azkenean, Nafarroako Gobernuaren foru aginduarekin eta Auzitegiaren oniritziarekin, beste bi astez luzatuko da ostalaritzaren barrualdeak ixteko agindua, edukiera mugak merkataritzan eta hainbat jardueratan, eremu pribatuko bilkurak bizikideetara mugatzea, Nafarroaren itxiera perimetrala eta 23:00etatik 06:00etara arteko etxeratzeko agindua.
Auzitegiaren baimena eskatuta, eta Ministerio Fiskalaren aldeko iritziarekin, magistratuek foru agindua onartu dute auto batean.
Magistratuek txalotu egin dute Administrazioak neurrien eraginkortasuna justifikatzeko txosten zientifikoak aurkeztu izana, eta uste dute mediku txostenek agerian uzten dutela "beharrezkoa" dela "egungo neurriei eustea kutsatzeen beherakada egonkortzeko".