Itxi

Gizartea

EAEko Justizia Auzitegia

Tabernak zabaltzea baimendu zuen epaileak "Itxialdirik ez" esaldia du WhatsAppen

EiTB MEDIA

ETBk egin dion elkarrizketan, baina, Garridok ukatu egin du negazionista denik, eta aitortu du esaldi horren ("No more lockdown") "egile" den Van Morrisonen jarraitzaile sutsua dela.

1:41
Luis Garrido. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Euskal Autonomia Erkidego osoko ostalaritza berrirekitzeko baimena eman zuen asteartean Justizia Auzitegi Nagusiak, eta ordu batzuk geroago hainbat komunikabidek interneten bolo-bolo dabilen albistea argitaratu dute: Luis Garridok, tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman zuen epaile berak, Whatsappeko profilean honako esaldi hau dauka: "No more lockdown" (Itxialdi gehiagorik ez).

Van Morrison musikariak udazkenean argitaratu zuen izen bereko kantuan oinarrituta omen dago mezua. "Itxialdi gehiagorik ez. Gobernuaren gehiegikeria gehiagorik ez. Polizia faxista gehiagorik ez. Gure bakea urratuz" esanez hasten da, hain zuzen ere, "No more lockdown" kantua.

Azkenaldian, Erresuma Batuko eta mundu osoko negazionisten aldarri bilakatu da "ereserkia" hori.

Garridok ez du soka luzea ekartzen ari den esaldi horri buruzko adierazpen publikorik egin, oraindik zabalik baitago auzia, baina ETBri emandako elkarrizketan ukatu egin du negazionista denik.

Birusaren existentzia eztabaidaezina dela esan du, covid-19ak jende asko hil duela eta ospitaleak gainezka daudela. Halere, argi utzi du ez dagoela taberna eta jatetxeen itxiera justifikatzen duen frogarik.

Whatsaperako hautatu duen leloak eragin duen polemikaren harira, Van Morrisonen jarraitzaile sutsua dela argitu du Garridok: "Musikari irlandarraren eskuak dira nire profileko argazkian saxofoia jotzen agertzen direnak". Abestiari dagokionez, adierazi du gustuko duela, nahiz eta esaldi batzuekin bat ez datorren ("Polizia faxista" esaldiarekin, adibidez).

Gauzak horrela, gaia bere onetik ateratzen ari direla uste du, eta ez zaio iruditzen bere errekusazioa eskatzeko arrazoi denik.

"Eric Claptonen 'Cocaine' abestia gustatzeagatik narkotrafikatzaileak ezin epaitzea bezala litzateke", nabarmendu du umoretsu.

Esan bezala, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salako presidente da Luis Garrido. Ostalaritzaren itxieraren aurka ez ezik, lagunarteko bilkurak gehienez sei pertsonakoak izatearen kontra ere agertu zen iazko urrian Garrido, Jaurlaritzaren aginduari entzungor eginez.