Gizartea
KORONABIRUSA
Asteko heriotzak 99ra igo dira Euskadin
N.B. | EITB MEDIA
Astearte honetan 99 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten, eta egun 165 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Azken orduetan, gainera, 748 positibo gehiago atzeman dituzte.
-
Ehorztetxe bateko langile bat covid biktimen gorpuzkiekin. Argazkia: EFE.
Koronabirusak eraginda, 99 pertsona hil dira Euskadin azken astean, otsailaren 1etik 7ra doana, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astean baino 14 pertsona gehiago hil dira.
Eguneko datuei dagokienez, asteartean 13.437 test diagnostiko egin zituzten, eta, haietatik, 748 positiboak izan dira. Hori horrela, positibotasun tasa % 5,6koa da, eta astelehenean, berriz, % 5,9koa.
EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, asteartean 99 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino sei gehiago, eta une honetan 547 gaixo daude ospitaleratuta, aurreko balantzean baino 23 gutxiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 165 pertsona daude, astelehenean baino zortzi gehiago.
Bestalde, otsailaren 1etik 7ra bitarteko astean metatutako datuak aztertu ostean, ondoriozta daiteke 99 heriotza izan direla covid-19aren ondorioz, joan den asteko 89 heriotzen gainetik.
Lurraldez lurralde aztertu, 748 kutsaduretatik 406 Bizkaian detektatu zituzten, 208 Gipuzkoan, 121 Araban eta 13 autonomia-erkidegoan bizi ez direnen artean.
Pandemiaren egonkortze horren ondorioz, Euskadik intzidentzia-tasa metatua 600 kasuetatik behera kokatzea lortu du, urtarrilaren 26tik gertatzen ez zena, zehazki, 591,49 kasu 100.000 biztanleko.
Hiru lurraldeek beheranzko joera dute. Bizkaian 619,8 kasu izan dira, Araban 565,1 eta Gipuzkoan 537,4 100.000 biztanleko 14 egunetan.
Joera hori hiru hiriburuetan ere islatzen da: 522,5 kasu dira Donostian, 581,2 Gasteizen eta, okerrena, Bilbon (711,7).
Oinarrizko ugalketa kopuruaren beheranzko bilakaera jarraitzen du, astearte honetan 0,85ekoa zena, hau da, bezperan baino bi hamarren txikiagoa.
Presio asistentzialak behera egin du berriro, eta astearte honetan 712 pertsona zeuden ospitaleratuta, astelehenean baino 15 gutxiago. Zainketa intentsiboetako unitateetako gaixoek gora egin dute 157tik 165era, beraz, maximo berria ezarri da lehen olatutik, baina gela arruntetan zeudenak 570etik 547ra jaitsi dira.
Covid-19aren ondorioz egunero ospitaleratzen dituzten pertsonen kopurua altua da oraindik ere, 99, hau da, joan den astelehenean baino sei gehiago.
5.000 biztanletik gorako udalerrien egoerari dagokionez, astearte honetan 37 herri zeuden kutsatzeko arrisku handieneko eremuan, astelehenean baino bost gutxiago.
Egoitzetako bi erabiltzaile hil dira Bizkaian
Bizkaiko egoitzetako bi erabiltzaile hil dira azken orduetan, eta dagoeneko 203 dira covid-19aren ondorioz zentro horietan hildako erabiltzaileak bigarren olatuan; bitartean, egoiliarren eta koronabirusez kutsatutako langileen kasuak jaisten ari dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak asteazken honetan jakitera eman duenez, atzoko jardunaldia ixtean, positibo eman zuten egoitzetan 35 erabiltzaile zeuden, bi egun lehenago egindako zenbaketan baino 16 gutxiago; ospitaleratutako adinekoak, berriz, 25 ziren, bi gutxiago.
Kutsatuta zeuden egoitzetako langileen kopuruak ere behera egin du, izan ere, atzo 87 ziren, hau da, aurreko erregistroan baino 23 langile gutxiago zeuden, eta isolamenduan zeuden eta covid-19aren konfirmaziorik ez duten langileen kopuruak ere behera egin du (58 dira orain, bost gutxiago).
Azken orduetan, egoitzetako 30 erabiltzaile sendatu dira.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezi berri bat jarri du abian asteazken honetan Zallan, Enkarterriko 19 zentro soziosanitariotako profesionalei (16 egoitza eta 3 eguneko arreta) prebentziozko baheketa bat egiteko.
Guztira, 659 profesional daude Zallako frontoian PCR probak egiteko deituta.
Horrez gain, Gasteizko Ariznabarra eguneko zentro psikogeriatrikoa aldi baterako itxi dute, prebentzio arrazoiengatik, foru baliabide horren erabiltzaileen artean bi kasu positibo atzeman ostean.
Itxitako gelen kopurua jaitsi egin da
Ikastetxeei dagokienez, Gasteizko Nuestra Señora del Carmen ikastetxeko jarduera presentzialak etenda jarraitzen du, 150 ikaslek ikasten dute bertan.
Pandemiaren eraginpean dauden ikasgelen kopurua astearteko 229etatik asteazkeneko 188etara jaitsi da, hau da, Euskadin dauden 17.554 eskolen % 1,07, 2 urtetik derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitariora arte.
Coronavirus kasuek kaltetutako ikastetxeen kopuruak ere behera egin du: asteartean 126 ziren, eta asteazkenean 110.