Gizartea
Osasun Saila
AstraZenecaren txertoa lehen lerrotik kanpo dauden osasun-langileengana irits liteke
EITB MEDIA
Radio Vitorian egin dioten elkarrizketa batean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak baieztatu duenez, beheranzko joera nabaritzen hasi da kutsatze kopuruan, baina 'prozesua motela izango da'.
-
Gotzone Sagardui
Gotzone Sagardui Osasun sailburuari elkarrizketa egin diote astelehen honetan Radio Vitorian, eta bertan kontatu duenez, Espainiako Gobernua gaur hasiko da Astrazenecaren txertoaren ia 200.000 dosi erkidegoei banatzen; EAEk 9.000 dosi jasotzea espero du. Oxfordek eta AstraZenecak garatutako txertoaren dosiekin, hortaz, hiru dira dagoeneko EAEn jartzen ari diren txerto-dosiak.
Orain, txertoa nori emango dioten zehaztea faltako litzakete. Euskal Autonomía Erkidegoa Osasun Batzordearen irizpenaren zain dago, baina, itxura guztien arabera, lehen lerroan lan egiten ez duten eta 55 urte baino gutxiago dituzten osasun-langileentzako izango da, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Radio Vitorian azaldu duenez.
Nolanahi ere, Osakidetzak "agertoki guztiak prest" dituela ziurtatu du eta asteburu honetan mugakide diren erkidegoekin harremanetan egon dela esan du sailburuak.
80 urtetik gorakoak
Espainiako Prebentzio Medikuntzako Elkartearen gomendioen arabera, gizentasun morbidoa edo Down sindromea duten 70 urtetik gorako pertsonak dira txertoa hartzen hurrenak. Dena dela, sailburuak esan du EAEren asmoa 80 urtetik gorakoekin jarraitzea dela.
Egoera epidemiologikoari dagokionez, Osasun sailburuak esan du beheranzko joera ikusten hasi direla, baina prozesu motela izango dela. Ospitaleratzeen kopurua oraindik handia da, Sagarduiren hitzetan, eta, horregatik, jaitsiera hasten dela baieztatzen bada, oraindik bi aste faltako lirateke, gutxienez, ospitaleko presioak behera egiteko. Sagarduik gaineratu du 200era ez direla iristen koronabirus kasuak, baina gora egingo duela ohartarazi du.
Ostiral honetan LABIa bilduko da, eta gaur gune gorritik irten edo sartuko diren herrien zerrenda ezagutuko dugu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eguerdira arteko epea du ostalariek lokalak ixteari jarritako helegiteari alegazioak aurkezteko. Gotzone Sagarduik ohartarazi duenez, itxiera eragozten bada, egoera korapilatu egingo da.