Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Hegoafrikako aldaeraren aurrean eraginkortasun txikiagoa dauka Oxforden txertoak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Gaitza arinagoa denean txertoak eraginkortasuna galtzen du, baina kasu larrienetatik babesteko gai omen da. Bestalde, Erresuma Batuak maiatzerako bukatu nahi du txertaketa 50 urtetik gorakoetan.

  • Minutuko mila txerto ari dira jartzen Erresuma Batuan

    Minutuko mila txerto ari dira jartzen Erresuma Batuan. Argazkia: EFE

Covid-19aren aurka Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZeneca botika-etxeak garatutako txertoak "eraginkortasun mugatuagoa" dauka Hegoafrikako aldaeraren aurrean, astelehenean argitaratuko duten ikerketa baten behin-behineko datuen arabera.

Oxfordeko eta Witwatersrandeko unibertsitateetako adituek egindako ikerketa horrek erakusten du eraginkortasuna galtzen duela aldaera berri horren aurrean, kasuak arinak edo ez oso larriak direnean, bereziki. Nolanahi ere, gaitza larria denean, beste txerto batzuek bezala, Oxfordek garatutako honek ere antigorputzak sortzen dituela ondorioztatu dute.

Hegoafrikako Gobernuak bertan behera utzi du dosi horien txertaketa kanpaina, behin behinean. Zweli Mkhize Osasun ministroak azaldu du Exekutiboak adituen iritzia jaso arte itxarongo duela, estrategiaren inguruko erabakiak hartzeko.

Aldaera britainiarrari dagokionez, aitzitik, Oxforden txertoa eraginkorra omen da.

Azkenaldian, txertaketa kanpainan buru-belarri dabil Erresuma Batua. Izan ere, agintariek asmo dute otsailaren 15a baino lehen 15 milioi herritar immunizatzea. Dagoeneko 11 milioi pertsonak jaso dute txertoa.

Erresuma Batuan covid-19aren aurkako txertoen arduradun den Nadhim Zahawik igande honetan aurreratu du "maiatzerako" 50 urtetik gorako britainiar guztiek hartuko dutela txertoa, eta horrekin lotuta nabarmendu du minutuko mila txerto inguru ari direla jartzen.

Azken datu ofizialen arabera, 24 ordutan 18.262 kasu berri atzeman dituzte, eta 828 pertsona hil dira covid-19ak jota. Pandemia hasi zenetik, berriz, 112.192 pertsona zendu dira Erresuma Batuan.