Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

947 kasu atzeman dira EAEn eta jada 163 pertsona daude ZIUn

EITB MEDIA

Ostiralean 130 positibo diagnostikatu ziren Araban, 545 Bizkaian eta 264 Gipuzkoan. Positibotasun tasa % 6,2koa da. Gainera, Bizkaiko egoitzetako hiru erabiltzaile hil dira covid-19arekin.

  • Osasun langile bat PCR proba bat egiten.

    Osasun langile bat PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE.

Covid-19aren pandemiak 947 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko egunean baino 26 gehiago, eta positibotasun tasa % 5,9tik %6,2ra igo da.

Ospitaleetako presioa oso handia da oraindik: 84 ospitaleratze izan ziren atzo eta 163 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan (bezperan baino bat gehiago), 2020ko apiriletik izan den kopururik altuena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, 15.291 proba egin zituzten ostegun honetan (aurreko egunean baino 195 gutxiago).

Positibo berri gehienak Bizkaian atzeman dituzte berriro, 545. Gipuzkoan 264 izan dira eta Araban 130. Halaber, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkien beste 8 kasu diagnostikatu dituzte.

Udalerrietako kasuak, R0 indizea eta EAEko intzidentzia metatuari buruzko datua ez dira astelehenera arte eguneratuko.

144 gela itxita

Une honetan, EAEko hezkuntza sareko 144 gela itxita daude koronabirus kasuengatik, gela guztien % 1,44, bi urtetik unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte.

Bizkaiko egoitzetako hiru erabiltzaile hil dira

Gainera, Bizkaiko egoitzetako hiru adineko hil dira azken bi egunetan covid-19arekin, eta, beraz, 199 dira dagoeneko abuztuaz geroztik koronabirusaren gaixotasunarekin hil diren zentro horietako erabiltzaileak, kutsatzeek eta ospitaleratzeek behera egiten jarraitu duten bitartean.

Bizkaiko Foru Aldundiak larunbat honetan jakitera eman duenez, atzo 60 erabiltzaile zeuden positibo emanda, bi egun lehenago egindako zenbaketan baino 20 gutxiago; ospitaleratutako adinekoak, berriz, 30 ziren, 10 gutxiago.

Adinekoen egoitzetako beste 43 erabiltzaile Aldundiak Birjinetxen eta Unben dituen koronabirus kasuak artatzeko unitate soziosanitarioetan zeuden atzo, hau da, aurreko txostenean baino 9 pertsona gutxiago.

Bestalde, nabarmen egin du behera kutsatuta zeuden egoitzetako langileen kopuruak. Izan ere, atzo 125 langile positibo zeuden, bi egun lehenago baino 54 gutxiago, eta gaitzaren baieztapenik izan gabe isolamenduan zeuden langileen kopurua ere jaitsi egin da (67).

172 kasu Nafarroan

Apurka apurka, behera egiten ari dira covid-19 kutsatzeak Nafarroan. Gobernuak eman berri dituen datuen arabera, 172 positibo atzeman dituzte ostiral honetan egindako probetan, bezperan baino 53 kasu gutxiago.

Zehazki, 2.810 proba diagnostiko egin dituzte eta horietatik % 6,1 positibo izan dira (% 6,9koa zen bezperako datua).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.