Gizartea
Koronabirusa
Euskadik 68 627 txerto jarri ditu, horietatik 21 634 bigarren dosiak izan dira
E. L. | EiTB Media
Aurreneko 12 336 dosi eta bigarreneko 313 osasun langileei eman dizkiete. Horrela, prozedurak Osakidetzako beharginen % 29ri eragin die dagoeneko.
-
covid-19aren aurkako txertaketa. Artxiboko argazkia: Irekia
Gaurdaino covid-19aren aurkako 68 627 txerto jarri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, horietatik 21 634 bigarren dosiak dira.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, aurreneko 12 336 dosi eta bigarreneko 313 osasun langileei eman dizkiete. Horrela, prozedurak Osakidetzako beharginen % 29ri eragin die dagoeneko.
Sailburuak azpimarratu duenez, “Europar Batasunetik iristen den oro” txertatzeko gertu dago Euskadi. Duela gutxi ia 600 000 pertsonari bi hilabetetan gripearen aurkako txertoa eman zietela gogorarazi du Sagarduik. Txerto kopuru hori berriro banatzeko gaitasuna dagoela berretsi du.
Amaia Martinez Vox ultraeskuineko alderdiaren legebiltzarkide bakarrari erantzun dio Sagarduik. Martinezek txertaketa protokoloa kritikatu du, “apenas bi orrialde” betetzen dituelako. Administrazioaren, aurreikusitako ordenaren eta denbora iragarpenaren inguruko egutegia azaltzeko eskatu du Voxeko ordezkariak.
Gaur indarrean dauden protokoloek “denbora mugarik ez” dutela errepikatu du sailburuak, prozesu guztia txerto eskuragarritasunaren menpe dagoelako.
Protokoloak “ezagunak eta eskuragarriak” dira, eta etengabe berrikusteko aukera dago, heltzen diren txerto kopuruaren menpe daudelako, erantsi duenez, ezin daiteke datarik eman, herritarrei “itxaropen faltsurik” ez emateko.
Bestalde, modu irregularrean txertoa jaso duten pertsonei bigarren dosia ematea defendatu du Sagarduik, besteak beste, Santa Marina eta Basurtu ospitaleetako zuzendari ohiei.
Lehentasuna pertsonen osasuna bermatzea da, hori ez da arriskuan jarriko, ziurtatu duenez.