Gizartea
Koronabirusa
Intzidentzia tasa metatua 60 kasura jaistea da Jaurlaritzaren helburua
E. G. | EITB MEDIA
Txertatzen jarraitzearen garrantzia ere azpimarratu du Urkullu lehendakariak. Aitortu duenez, ordea, "bial eskasiak baldintzatuta dago orain kanpaina"
-
Lehendakaria, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu duenez, covid-19aren kontrako borroka "ez da erraza izaten ari eta ez da izango", baina Jaurlaritzak argi ditu zeintzuk diren bere helburuak: batetik, 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 60 kasura (egun 664,13tan dago) jaistea eta txertaketa kanpainarekin jarraitzea.
Lehendakariak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Luis Javier Telleria EAJren legebiltzarkideak kontrolerako saioan egindako galderari erantzunez.
Euskal gizarteak egindako ahalegina txalotu du Urkulluk, eta neurri murriztaileak betetzen jarraitzeko deia egin du.
"Gure helburua da epe laburrean 500 kasuko intzidentzia tasa metatutik jaistea, eta epe luzeagora, 60 kasura bajatzea", nabarmendu du.
Txertaketa ahotan, lehendakariak esan du "oinarrizkoa" dela pandemiaren kontrako borrokan. Dena dela, ohartarazi du "bial eskasiak baldintzatuta" dagoela orain.
"Euskadik bere txertaketa helburuak beteko ditu", azpimarratu du, eta erantsi orain arte 50.000 dosi eman dituztela protokoloak jarraituz. Aitortu du "bi irregulartasun kasu bakarrik" egon direla, eta horren harira, iragarri du Sagarduik Jaurlaritzaren Etika Batzordean egin duela kasuen inguruko kontsulta.