Gizartea
Irregulartasunak
Txertaketen auziaz kontsulta egin du Sagarduik Jaurlaritzaren Etika Batzordean
E. G. | EITB MEDIA
Lehendakariak sailburua babestu du beste behin, protokolo urraketen aurrean "gardentasunez" jardun duela iritzita.
-
Sagardui Hurtadorekin hitz egiten, gaur Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Osakidetzan izan ziren txertaketa irregularren harira kontsulta egin du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Etika Batzordean. Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako Kontrolerako saioan.
Izan ere, oposizioko alderdiek hainbat galdera egin dizkiote lehendakariari txertaketa kanpainaren inguruan. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, esaterako, Sagarduiren dimisioa eskatu du. Horren ustez, "sailburua ez da gai izan besteei eskatzen dizkien ardurak bere buruari exijitzeko. Are gehiago, zuek jokabide hori babestu duzue. Lehendakari batek babestu dezake herritarrei, Legebiltzar honi egia esan ez dien edo gezurra esan dien, sailburu bat?", galdetu du.
BIDEOA | EH Bilduk Sagarduiri txertaketen inguruan gezurretan ibiltzea leporatu dio
Erantzunean, Urkulluk Sagardui babestu du eta adierazi du Osasun Sailaren buru izaten jarraitzeko "baldintzak betetzen" dituela. "Sailburuak Eusko Jaurlaritza guztiaren eta une honetan Legebiltzarraren gehiengoaren babesa du, egia esan duelako eta gardentasun osoz aritu delako".
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak ere itauna egin du txertaketa kanpainan izandako irregulartasunez, eta erantzukizun politikoak eskatu ditu. Horrez gain, EAJko zein buruzagi txertatu dituzten ere galdetu du.
Lehendakariak nabarmendu duenez, Osasun Sailak egindako ikerketak eta emandako azalpenak "azkarrak eta osoak" izan dira. "Gertakarien arabera, bi irregulartasun larri izan dira, eta atzeman, argitu eta garbitu egin dira. Gertaerek erakusten dute erreakzioa berehalakoa, irmoa eta gardena izan dela. Horrela izaten jarraituko du ", gaineratu du.
Urkulluren esanetan, ez da akatsik edo disfuntziorik ezkutatu edo ukatu, eta ezin da bermatu etorkizunean akatsik ez izatea, ezta prozedura guztiak perfektuak izatea ere.
Bestalde, Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko parlamentario eta Euskadiko PPko buruak ere Sagarduiren dimisioa eskatu du. Horren ustez, "kaosa begi bistakoa da, eskandalu hutsa". Horregatik, uste du sailburua "gaitasungabetuta" dagoela karguan jarraitzeko, eta Urkulluri irregulartasunen auzi honetan "negazionista" izatea egotzi dio; "herritarrek erantzukizunak eskatzen ari dira", argudiatu du.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak estu hartu du Urkullu, eta irregulartasunek gizartearengan "mesfidantza" sortzen dutela nabarmendu du.