Itxi

Gizartea

ELKARRIZKETA

Alberto Martinez, medikua: "40 urtez azpikoak dira ZIUetan dauden gaixoen % 35"

EITB MEDIA

Gurutzetako ospitalean beharrezkoa den unean Zainketa Intentsiboko Unitate (ZIU) berriak irekitzeko prest daudela adierazi du Alberto Martinez Anestesia eta Bizkortze zerbitzuburuak.

  • Alberto Martinez eta Maria Suarez

    Alberto Martinez eta Maria Suarez. Argazkia: Radio Vitoria

Gurutzetako ospitalean bi gune berri atondu dituzte koronabirusa izan gabe zainketa intentsiboak behar dituzten gaixo larriak artatzeko. "Egunero hazten ari da ZIUetan sartzen diren gaixo kritikoen kopurua", azaldu du Alberto Martinez Ruiz Gurutzetako ospitaleko Anestesia eta Bizkortzeko zerbitzuburuak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.

Nahiz eta aurreikuspenak "onak ez izan" eta "ospitaleratzeen hazkundeagatik kezkatuta" agertu, Gurutzetan bosteko kontingentzia eskalan hirugarrengoan daude gaur egun eta, ondorioz, "oraindik ere jarduteko tartea" dutela azpimarratu du.

Iazko martxotik, "gaixo kritikoen oheak % 30 hazi dira. Orain, 8 ohe gehiago ireki dira", azaldu du Martinezek, eta "beharrezkoa den heinean Zainketa Intentsiboko Unitate berriak irekitzeko prest" daudela gaineratu du. Zainketa Intentsiboko Unitate horiek dituzten baliabideak gainerakoetakoak bezalakoak omen dira (bonbak, arnasgailuak, ...) eta tratamenduaren bermea ere, berdina.

Gurutzetako ospitalean, "Koronabirusaren Erresuma Batuko aldaeraz kutsatuta dagoen gaixo bat" dute Bizkortze zerbitzuan. Ildo horretan, lasaitasun mezua helarazi nahi die herritarrei: "Aldaera britainiarrak ez du zailtasunik sortzen diagnostikoan, ezta zaintza mailan ere".

Gaur egun Zainketa Intentsiboetako Unitateetan ospitaleratutako gaixoaren profila martxokoa baino "gazteagoa" da. "Badago gaixo talde bat, gazteak barne, aurretik patologiarik izan gabe ere gaizki heltzen dena. Ez dakigu zergatik batzuk gaizki dauden eta beste batzuek, ostera, ez duten sintomarik". Gurutzetako Anestesia eta Bizkortze zerbitzuburuak adierazi duenez, "Zainketa Intentsiboetako Unitateetan ospitaleratutako gaixoen % 30-35 inguru 40 urtetik beherakoak dira".

Martinez Ruizen iritziz, kontuan hartu beharreko bi kontu daude: "Batetik, sintomarik gabeko gaixo batek bere etxean bakartuta egon behar du, bestetik; positibo batekin harreman zuzena izan duen batek, PCR negatiboa izanda ere, bere etxean isolatuta egon behar du 10 egunez, gainerako herritarrak arriskuan ez jartzeko".

Alberto Martinezen hitzetan, lehen olatuan Estatuko biziraupen tasarik altuena izan zuten Gurutzetan, besteak beste, gaixo kritikoen unitateak egokitzen jakin zutelako. Gaineratu duenez, horrek eragin zuen "hilkortasuna % 20 ingurukoa izatea". Madrilgo ospitaleetan, gaixo kritikoentzako espaziorik ez zegoenean, "hilkortasuna % 40-50ekoa izan zen".