Gizartea
KORONABIRUSA
Asteko heriotzak 85era jaitsi dira Euskadin, eta eguneko positibotasuna % 6,4ra
N.B. | EITB MEDIA
Astearte honetan 98 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten, eta egun 155 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Positiboek gora egin dute (1057), baina R0 0,99ra jaitsi da.
-
Ehorztetxe bateko bi langile hilkutxak eramaten, covid biktimen gorpuzkiekin. Argazkia: EFE.
Koronabirusak eraginda, 85 pertsona hil dira Euskadin azken astean, urtarrilaren 25etik 31ra doana, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astean baino lau pertsona gutxiago hil dira.
Eguneko datuei dagokienez, asteartean 16.592 test diagnostiko egin dira (astelehenean baino 3.408 gehiago), eta, haietatik, 1.057 positiboak izan dira, bezperan baino 149 gehiago. Hori horrela, positibotasun tasa % 6,4koa da, eta astelehenean, berriz, % 6,9koa.
EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, asteartean 98 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino 18 gehiago, eta une honetan 591 gaixo daude ospitaleratuta, aurreko balantzean baino bost gehiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 155 pertsona daude, astelehenean baino bat gehiago.
Bestalde, urtarrilaren 25etik 31ra bitarteko astean metatutako datuak aztertu ostean, ondoriozta daiteke 85 heriotza izan direla covid-19aren ondorioz, joan den asteko 89 heriotzen azpitik.
Datu horiekin, 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du: asteleheneko 100.000 biztanleko 667,95 kasutik astearte honetako 668,45era. Lurraldez lurralde aztertuta, guztiak eremu gorrian daude: Bizkaian 709,81 kasu daude, eta Araban 663,22; Gipuzkoan, berriz, 584,21.
Oinarrizko ugalketa kopurua, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, jaisten jarraitzen du eta 0,99 da. Adierazle hori, positibotasun tasarekin batera, pandemiaren hedapenaren kontrol-maila zehazten dutenetako bat da.
Bilbok eta Gasteizek okerrera egin dute, 809 eta 678,7 kasu, hurrenez hurren, eta Donostiak apur bat egin du hobera, 572,4ra arte; beraz, litekeena da bihar gune gorrian jarraitzea eta ostalaritza itxita jarraitzea, gutxienez astelehenera arte.
5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, autonomia-erkidego osoan 49k dituzte 500 kasu baino gehiago pilatuta hamalau egunetan, aurreko egunean baino bat gutxiago, Ordizia (Gipuzkoa) zerrenda horretatik atera baita.
Positibo berri gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 553 kutsatze berri, astelehenean baino 26 gehiago, eta Gipuzkoan 333 positibo gehiago (74 gehiago) eta Araban 163 kasu berri atzeman dituzte, astelehenean baino 51 gehiago.
Halaber, zortzi kasu positibo erregistratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, aurreko eguneko hamar kasuengatik.
Gipuzkoako erresidentzietako egoera
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoako erresidentzietan ez positiborik izan azken orduetan, ezta heriotzarik ere, eta bost erabiltzaile sendatu egin dira.
Debagoienako Aretxabaleta egoitzan agerraldia izan zen duela aste batzuk, baina une honetan lau adineko soilik daude koronabirusarekin gaixorik.
Egun, Donostiako Bermingham erresidentzian bizi dute egoerarik okerrena: 14 kasu positiborekin. Gurutze Gorriak Irunen duen egoitzan 10 pertsona daude kutsatuta eta Tolosako Iurramendi egoitzan 5. Guztira, 39 kasu positibo daude egoitza ezberdinetan.
Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 153 adineko hil eta 636 sendatu dira Gipuzkoako erresidentziatan.
Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek ez dute daturik eman.
Gasteizko eskola bateko jarduera presentziala eten dute
Gasteizko Judimendi haur eta lehen hezkuntzako eskolako jarduera presentziala (180 ikasle inguru) bertan behera geratu da, covid-19ak 12 ikasgeletan duen eragina dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez.
Bestalde, 203 gela itxita daude koronabirus kasuengatik, atzo baino zortzi gutxiago, hau da, 17.554 ikasgelen % 1,16, bi urtetik unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte.
Koronabirus kasuren bat izan duten ikastetxeen kopurua ere jaitsi egin da Euskadin, 135 izatetik 121 izatera pasa baitira asteazken honetan.
Pandemiak 60.000 heriotza baino gehiago eragin ditu Espainian
Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, azken orduetan 31.596 positibo gehiago detektatu dituzte eta 565 pertsona hil dira Estatuan. Beraz, pandemia hasi zenetik 60.370 heriotza izan dira guztira.
Horrez gain, ospitaleetako zaintza berezietako unitatean presioak maila berean (oheen %44,4 daude okupatuta) jarraitzen duela eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 815 kasutara jaitsi dela jakinarazi dute.
Denera, 2.883.465 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta.