Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Zergatik hasi dira erabiltzen uzki bidezko PCRak eta nola egiten dituzte?

A. S. | EITB MEDIA

Galizia uzki bidezko PCR probak erabiltzen dituen autonomia erkidego bakarra da espainiar Estatuan, eta pandemiaren hasieratik erabili dute teknika hau larri dauden gaixoeikin.

  • Osasun-langile bat PCR proba egiten.

    Osasun-langile bat PCR proba egiten.

Covid-19az kutsatuta zauden edo ez atzemateko uzki bidezko PCR proben inguruko lehen berriak joan den astean hasi ziren zabaltzen, baina hedabideek txantxa zela uste zuten. Egia da, ordea. Txinako hiri batzuk diagnostiko modu berri hori erabiltzen ari dira dagoeneko, eta aditu batzuen arabera, ohiko PCR edo antigeno probak baino askoz egokiagoak dira.

Behin albistea argitara eman eta gero, Galiziak onartu egin du teknika hori erabili izan duela, eta hortaz, espainiar Estatuan erkidego bakarra da uzki bidezko probak egiten dituena. Egoera larrian dauden gaixo jakin batzuetan erabiltzen duela eman du aditzera.

Dena den, era guztietako iritziak daude. Badago proba honek gaixotasuna atzemateko ahalmen handiagoa duela uste duenik. Beste aditu batzuk, aldiz, pandemia hasi zenetik egiten ari diren sudurreko eta eztarriko probek lehentasuna izan behar dutela uste dute.

Nola egiten dira uzki bidezko PCRak?

Proba egiteko, 3 eta 5 zentimetro arteko kotoizko isipu bat sartu behar da uzkian, eta leunki biratu hamar segundoz.

Hortik lortzen den lagin organikoak askoz ere zehaztasun handiagoz esaten du infekziorik ote dagoen edo gaixotasuna gainditu duen, aditun arabera. Badirudi koronabirusak gure organismoan uzten duen arrastoa lehenago desagertzen dela arnasbideetan uzkian baino.

Zeintzuk dira uzki bidezko PCRaren eta nasofaringekoaren arte desberdintasunak?

Carmen Martin Espainiako Immunologia Elkarteko zientzialariak ETB2ko "Qué Me Estás Contando" saioan azaldu duenez, hilabeteak daramatzate horrelako probak aztertzen, eta "ez dakit hobeak diren, sentikorragoak dira"; hau da, nasofaringeako PCR-ak positiboa izateari uzten dion bitartean, uzki bidezko PRC horiek positiboak izaten jarraitzen dute 12 eta 33 egun bitartean. Hala ere, Martinek argitu du horrek ez duela esan nahi pertsona horrek uzki bidezko PCR hori positiboa den denbora guztian kutsatu dezakenik.

Ikerketa batzuen arabera, uzki bidezko PCR horietatik heren bat, gutxi gorabehera, kutsakorra izango litzateke, "beraz, oso sentikorrak dira, gauza asko atzematen dituzte. Baina zein da hainbeste atzemateko baliagarritasuna, positibo horien heren batean kutsadurarik ez badago?", dio zientzialariak. "Baloratu egin beharko litzateke", gaineratu du.

Gabriel Reina Nafarroako Unibertsitate Klinikako mikrobiologoa bat dator Martin zientifikoarekin. Duela egun batzuk, ETB2ko "En Jake" saioan honako hau kontatu zuen: "Uzki bidezko proben laginak denbora luzeagoan atzematen du birusa, baina hori garrantzitsua den baloratu beharko litzateke". Reinak dioenez, gaixo larrientzat edo haurtxoentzat erabiltzen da batez ere, hau da, nasofaringearen bidezko PCRa egiteko zailtasunak izan ditzaketen pertsonentzat.

Galizia, aitzindaria uzki bidezko PCR probekin

Galizia uzki bidezko PCR probak erabiltzen dituen autonomia erkidego bakarra da espainiar Estatuan, eta pandemiaren hasieratik erabili izan du teknika hau.

Hala ere, hainbat komunikabideren arabera, Galiziako Osasun Kontseilaritzak baieztatu du oso larri dauden pazienteekin soilik egiten ari direla horrelako probak; izan ere, larri dauden zenbat gaixori ezin zaie sudurreko proba bat egin, hodia sartuta izaten baitute.

Beraz, nahiz eta oraindik esperientzia desatsegina izan, covid-19a duten gaixoek edo kutsatuta egon daitezkeenek, orain arte bezala, sudurreko PCR probaren bidez diagnostikatzen jarraituko dute.