Gizartea
Koronabirusa
Osakidetzaren sei ospitaletan jarduerak atzeratu dituzte lan karga handiagatik
agentziak | eitb media
Gurutzetako, Basurtuko, Galdakaoko, Txagorritxuko, Donostiako eta Zumarragako ospitaleetan jarduerak atzeratu eta baliabideak lehenetsi behar izan dituztela adierazi du Sagarduik.
-
Txagorritxu Ospitalea. Argazkia: Efe
Azken asteotan koronabirus kasuen gorakadak Osakidetzaren ospitaleetan eragindako "tentsioa"ren ondorioz, Gurutzetako, Basurtuko, Galdakaoko, Txagorritxuko, Donostiako eta Zumarragako ospitaleetan jarduerak atzeratu eta baliabideak lehenetsi behar izan dituzte, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez.
Sagarduik Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean azaldu duenez, EAEn pandemiaren kurbak "gorantz" jarraitzen du, eta gaur egun 667,95ekoa da intzidentzia 100.000 biztanleko. Gainera, 9.270 pertsonak dute uneotan koronabirusa EAEn.
Sailburuak berretsi du "zuhurtziaz" jokatu beharra dagoela oraindik, "zalantzaz betetako" unea delako oraingoa. Gainera, aldaera britainiarraren gorakadak (109 kasu baieztatu dira) intzidentzia nabarmen igo dezakeela ohartarazi du.
Sagarduik onartu du koronabirusak osasun baliabideetan duen eragina handitzen ari dela eta "nabarmena" dela ospitaleratzeen kopuruaren igoera, bai plantan bai ZIUetan.
Azken astean egunero 80 pertsona ospitaleratu dituzte batez beste, eta ZIUetan aurreko astean baino 38 pertsona gehiago daude, egunero 10 sartzen baitituzte.
"Tentsio" egoera hau gorabehera, Sagarduik ziurtatu du osasun arreta "bermatuta" dagoela Osakidetzan. Halere, aitortu du batzuetan baliabideak "lehenetsi" behar direla, kasu "larriak" artatzeko, premiazkoak ez diren jarduerak atzeratuz.
Horren harira, Sagarduik jakinarazi du Basurtuko, Gurutzetako, Galdakaoko, Txagorritxuko, Donostiako eta Zumarragako atzerapenak "kirurgia arlokoak" direla "gehienbat".
Bestalde, sailburuak gogorarazi du Osakidetzaren aurreikuspenen artean dagoela beharrezkoa izango balitz osasun pribatuarekin lankidetza "indartzea".