Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

109ra igo dira aldaera britainiarraren kasuak EAEn, astelehenean baino 15 gehiago

A. S. | EITB MEDIA

Sagarduik ohartarazi du ezin dela ahaztu "Britainia Handiko aldaerak eragindako kutsatzeen kopuruak gora egiteak intzidentzia nabarmen handitu dezakeela".

1:15
Kutsakortasun handia du aldera britainiarrak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Covid-aren aldaera britainiarrarekin kutsatutakoen kopuruak gorantz jarraitzen du EAEn eta jada 109 kasu zenbatu dituzte, astelehen honetako datuekin alderatuta, 15 kasu gehiago, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan jakitera eman duenez.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Osasun sailburuak EAEko COVID-19aren pandemiaren datuak eguneratu ditu, eta jakinarazi du dagoeneko 109 kasu atzeman dituztela Euskal Autonomia Erkidegoan. Atzo 94 izan ziren.

Horren harira, Sagarduik ohartarazi du ezin dela ahaztu "Britainia Handiko aldaerak eragindako kutsatzeen kopuruak gora egiteak intzidentzia nabarmen handitu dezakeela". "Aldaera britainiarraren 109 kasu ezagutzen ditugu une honetan", gaineratu du.

Hain justu atzo Gustavo Cilla Donostialdeko ESIko Mikrobiologia buruak onartu zuen, hainbat kalkuluren arabera, Erresuma Batuko aldaera berriak "% 5 baino gehiago" egin duela gora EAEn. Horren harira, "hainbat kutsatu izan direla, baina espero zena dela" azaldu zuen. Bere hitzetan, gaur egun kasu berrien % 20 aztertzen ari dira, "eta % 40ra igoko da azterketa kopurua", Britainia Handikoa bezalako aldaera berriak bilatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.