Gizartea
IRUZURRA
Covid-19ari buruzko gezurren bidez erabiltzaileen datuak bildu nahian ari dira
A. S. | EITB MEDIA
WhatsApp aplikazioaren bidez ari dira mezuak zabaltzen eta espainiar Gobernuak covid-19aren harira ustez emandako laguntza batzuekin egiten diote iruzur erabiltzaileari.
-
Wahtsapp bidezko iruzur berri bat. Argazkia: INCIBE
INCIBEk (Espainiako Zibersegurtasun Institutu Nazionala) jakinarazi duenez, WhatsApp bidez zabaltzen den mezu-kate bat identifikatu berri dute. Bertan, ustez, espainiar Gobernuak laguntzak ematen ditu covid-19 delakoagatik; baina erabiltzaileen datu pertsonalak lapurtzen saiatzeko iruzur bat da.
WhatsApp bidez zabaldu den iruzur horretan, covid-19aren aurrean, espainiar Gobernuak ustez eskudiruzko bonuak eta Elikagai Txartelaren Programaren erosketa-aginduak ematen ditu.
Mezu horrekin batera, esteka bat ageri da, erabiltzailea web orri batera birbideratzen duena. Bertan, datu pertsonalak eskatzen dira, eta inkesta bat osatu behar da, ustezko elikadura-txartela lortu ahal izateko.
Behin inprimakia eta inkesta beteta, erabiltzailea beste orri batera bidaltzen da, eta orri horretan prozesuarekin amaitzeko 10 talde edo laguni WhatsApp bidez mezua bidaltzeko eskatzen zaio. Horrela zibergaizkileak erabiltzailearen datu pertsonalak lortzen ditu, eta, gainera, katea zabaltzen bada, kontaktuen datuak ere eskuratzen ditu.
Biktima izan naiz. Zer egin dezaket?
Gisa honetako mezu bat jaso baduzu, estekara sartu bazara eta zure datu pertsonalak eman badituzu (izena, adina eta telefono-zenbakia), eta informazioa WhatsAppeko zure kontaktuekin partekatu baduzu, adi egon eta monitorizatu aldian behin Interneten zuri buruz argitaratuta dagoen informazioa, zure datu pribatuak zure baimenik gabe erabiltzen ari ez daitezen.
Egosurfing delakoa egin ondoren (hau da, zure izena eta beste datu pertsonal batzuk Interneten bilatu ondoren), gustuko ez duzun zerbait aurkitzen baduzu edo zuri buruzko informazioa behar bezala eskaintzen ari ez bazara, zure datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak balia ditzakezu. Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren jarraibideak emango dizkizu.
Gainera, zure kontaktuei gertatutakoa jakinaraztea komeni da, eurek ere mezua faltsua dela jakin dezaten eta kasurik egin ez dezaten, eta noski, biktima izan ez daitezen. Garrantzitsua da erabiltzaileak desinformatzea eta engainatzea helburu duten eduki horiek geldiaraztea.
Nola ekidin horrelako iruzurrak?
- Sekula ez sakatu kate-mezu mota horiek dituzten esteketan.
- Mezurik ez birbidali informazioa iturri ofizialetan kontrastatu aurretik.
- Zalantzarik izanez gero, kontsultatu zuzenean inplikatutako erakundearekin edo konfiantzazko hirugarrenekin.
Amaitzeko, gogoratu horrelako gertaerak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetan sala ditzakezula, eta informazio gehiago behar izanez gero, INCIBEren Zibersegurtasuneko Laguntzarako telefonora dei dezakezu (017, doakoa eta konfidentziala).