Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

2021eko sanferminak bertan behera geratu dira

EITB MEDIA | AGENTZIAK

"Egia da nafar guztiok sentitzen ditugula sanferminak gure nortasunaren parte bezala, baina ez da arduratsua itxaropen faltsuak piztea", esan du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak.

1:31
Sanferminak. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "asko sentitzen du albiste onik ez ematea" 2021ko sanferminei buruz, "baina mundu mailako jaiak dira sanferminak, Nafarroara milioika pertsona etortzen dira; beraz, ezinezkoa izango da".

Chivitek adierazi duenez, "uda hasieran nafarren % 40 edo 60 inguruk txertoa jartzeko duten itxaropena bete ahal izateaz gain, ez du arduratsua ikusten bete ezin izango diren espektatiba batzuk zabaltzea".

Ekonomia Forum Berriko jardunaldi batean Chivitek adierazi duenez, "egia da nafar guztiok sentitzen ditugula sanferminak gure nortasunaren berezko zerbait bezala, baina ez da arduratsua itxaropen faltsuak piztea, benetan uste baitut ezinezkoa izango dela; hemendik uztailera bitartean gauza asko gertatuko dira, baina nekez ospatuko dira sanferminak".

Bestalde, Enrique Maya alkateak zehaztu du aurtengo sanferminei buruzko erabakirik hartuta ez dagoela eta, edonola ere, erabaki hori hartzea Iruñeko Udalari dagokiola azpimarratu du.  

Chiviteren adierazpenen berri izan duenean, "harritu eta haserretu" egin dela esan du, "berari ez dagokion gai bati buruzko erabaki bat iragarri duelako".

Alabaina, geroago Chivitek telefonoz azalpenak eman dizkiola eta dena argituta geratu dela nabarmendu du. "Adierazpenaren hasieran 'berri txar bat' eman behar duela esanda, iragarpen bat egin behar duela ulertzen da, baina hitzez hitz ez du esaten sanferminak bertan behera geratu direnik", adierazi du Mayak.

Ildo horretan, Chiviterekin bat datorrela eta sanferminak ospatzea "oso zaila" izango dela onartu du, "baina oraindik otsailaren 2an gaude eta erabaki hori Udalak hartu beharko du”, berretsi du.

Hori hala izan arren, osasunari buruzko erabakiak hartzea Nafarroako Gobernuaren eskumena da, eta, pandemiagatik alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Chiviteren Exekutiboak festak debekatzeko agindua eman dezake osasun publikoa bermatze aldera.