Itxi

Gizartea

IPAR EUSKAL HERRIA

Normaltasuna mugako pasabideetan, murrizketa berriak indarrean sartu arren

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira joateko, PCR negatiboa erakutsi beharko da nahitaez, langileen eta garraiolarien kasuan izan ezik.

1:22
Santiago zubia, gaur goizean.

Atzoz geroztik Frantziara sartzeko baldintzak gogorragoak badira ere, trafikoari dagokionez ez da aparte gorabeherarik izan Gipuzkoa eta Lapurdi arteko pasabideetan.

Santiagoko zubian, Hendaia eta Irunen artean, goizeko lehen orduan Frantziako Poliziak jarritako kontrolak auto ilarak eragin ditu. Gerora, ordea, arazoak gutxitu egin dira. AP-8an, Biriatun, trafikoa arina izan da goizean. Behobian eta Santiagoko zubian Frantziako Poliziak operatibo bana jarri du martxan, bertara igaro nahi zutenak kontrolatzeko. Beste noranzkoan, berriz, ibilgailuak eta oinezkoak arazorik gabe mugitu ahal izan dira. 

Frantziako Gobernuak zorroztu egin ditu herrialdean sartzeko neurriak. Orain, errepidez edo trenez bertara igarotzeko ere 72 ordu lehenago egindako PCR negatiboa erakutsi behar da. Orain arte, itsasoz edo hegazkinez iristen zirenei soilik eskatzen zitzaien.

Aipaturiko neurri horrek ez die eragiten ez mugaz gaindiko langileei eta ezta garraiolariei ere.

Gainera, 30 kilometroko eremuan bizi direnak ere PCR negatiboa erakustetik salbuetsita egongo dira.

Ez da posible, justifikaziorik gabe, Irundik Hendaiara igarotzea; aldiz, Hendaiatik Irunera, bai.