Gizartea
Koronabirusa
Klinika pribatuetako osasun langileak lehen fasean txertatzea eskatu du SATSEk
E. G. | EITB MEDIA
Txertoak jartzerakoan "berdintasun, elkarrekikotasun eta gardentasun printzipioen arabera" jokatzeko galde egin dute Quiron Poliklinika Gipuzkoatik eta Bilboko IMQ Zorrotzaurre ospitaletik.
-
Bilboko IMQ Zorrotzaurre ospitalea, ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
SATSE sindikatuak Quiron Poliklinika Gipuzkoako eta Bilboko IMQ Zorrotzaurre ospitaleko osasun langileak lehen fasean covid-19aren kontra txertatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
"Osasun pribatuko profesionalak ere SARS-CoV-2-ren kontrako borrokan ari dira, baina ez dituzte txertaketa estrategiaren lehen fasean sartu, eta ez dira antidotoa jasotzen ari, lehen lerroan jarduten duten arren", adierazi du sindikatuak.
Bi klinika pribatu horietako profesionalen ustez, txertatzerakoan "berdintasun, elkarrekikotasun eta gardentasun printzipioak lehenetsi behar dira".
"Printzipio horiek ez dira errespetatzen ari, lehen lerroan dauden gure profesionalak immunizatzen ari ez direlako. Osakidetzan unitate eta zerbitzu berdinetan ari diren profesionalekin alderatuta, oso trataera ezberdina ematen ari zaie", azaldu dute.
SATSEren aburuz, "osasun zentroetan, pribatuetan zein publikoetan, lan egiten duten beharginak kutsatzea saihestu behar da. Horregatik Gotzone Sagardui Osasun sailburuari ezberdintasunak egiteari uzteko eskatzen diogu".
Bi klinika pribatu horietako ordezkari sindikalek gogorarazi dutenez, pandemia hasi zenetik Osakidetzaren "esanetara izan dira gaixoak hartzeko, ebakuntzak egiteko edota ZIUetan hartzeko, betiere osasun publikoaren egoera hobetzeko".
"Amorragarria da otsailera heltzea eta osasun pribatuko langileon txertaketa plana airean egotea. Osasun Sailari egoera zuzentzeko eskatu diogu, asteon zentro pribatuetan lehen lerroan ari diren erizainak txertatzen has dadin, berdintasun, elkarrekikotasun eta gardentasun printzipioei jarraiki", galde egin dute.