Itxi

Gizartea

Europako Batzordea

EBri txertoak emateko Erresuma Batuko lantegiak erabili beharko lituzke AstraZenecak

E. L. | EiTB Media

Konpainiarekin itxitako akordioa argitara eman du Europako Batzordeak, baina agirian, besteak beste, ez dira hilero banatu beharreko dosi kopurua eta haien kostua azaltzen.

1:25
AstraZencarekin sinatutako kontratua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

AstraSeneca konpainiarekin itxitako akordioaren berri eman du Europako Batzordeak ostiral honetan, Europar Batasunari entregatu beharreko txertoekin arazoak izan ondoren, baina dokumentuan, besteak beste, ez dira hilero banatu beharreko dosi kopurua eta haien kostua azaltzen. Produkzio tokiari dagokionez, AstraZenecak “zentzuzko esfortzuak” egin beharko lituzke txertoa EBko eta Erresuma Batuko lantegietan ekoizteko, kontratuaren arabera.

Munduko beste txoko batzuetan ekoitzi ahal izango lituzke, “Europa txertoz azkar hornitzeko egokia balitz”, eta beti AstraZenecak Batzordeari aldaketen berri ematen baldin badio.

EBri entregatu beharreko txertoen ekoizpenean eta banaketan arazoak izaten ari dira, eta zentzu horretan, Bruselak AstraZenecarekin gatazka du. Gainera, Europako Sendagaien Agentziak (EMA) oniritzia eman berri dio txertoari.

Europako Batzordeak eta AstraZenecak kontratua itxi zuten iragan abuztuan, txertoaren 400 milioi dosi erosteko.

Akordioaren berri emateko, Bruselak enpresari formalki baimena eskatu dio: “gardentasun handiago baten alde, konpainiaren konpromisoa ospatzekoa da”, adierazi du Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramaileak.

Hala ere, argitaratutako agiriak zati batzuk zentsuratu ditu, isilpeko informazioa delako, hala nola, “fakturen xehetasunak”, baita beste datu batzuk ere “segurtasun arrazoiengatik”.

EMAk AstraZenecaren eta Oxford Unibertsitateko txertoari baimena eman dio ostiral honetan bertan, merkaturatzeari ateak zabalduz. 300 milioi dosi erreserbatu zituen EBk, baita beste 100 gehiago erosteko aukera gorde ere.

Txertoen ekoizpenari dagokionez, enpresak “arrazoizko esfortzuak” egin beharko ditu “EBn banatuko diren lehen dosiak produzitzeko”, kontratuaren arabera.

Aurreneko entrega 2021eko lehen hiruhilekoan egin beharko luke konpainiak. Gainerako banaketen epemuga ezkutatu dute kontratuaren bertsio idatzian.

Konpainiak EBko instalazioetan txertoak ekoizteko asmoa betetzerik ez baldin badu, Batzordeak edo Estatu kideek enpresari txertoa produzitzeko kapaz izan daitezkeen ekoizleen zerrenda aurkez diezaiokete, eta AstraZenecak “arrazoizko esfortzuak” egin beharko ditu horiek kontratatzeko, EBn ekoizpen gaitasuna areagotzeko.

Adostutako txertoak entregatzen ez baldin badira, edo epez kanpo banatzen badira, Bruselak ez du ordaindu beharrik izango.

Kontratuaren inguruko gatazka badago, Belgikako jurisdikzioa eta legedia aplikatuko litzateke; izan ere, Europako Batzordeak bertan du egoitza nagusia, eta konpainiak Suedian du helbidea.

EBri adostutako dosien % 25 soilik eman behar zizkiola iragarri zuen AstraZenecak iragan ostiralean.

Gatazka bideratu dutela diote bi aldeek, irtenbide “konstruktibo” baten bila ari direlako. Laborategia EBri zegozkion dosiak beste herrialde batzuei, Erresuma Batuari erreferentzia eginez, entregatzen ari zela salatu zuen Bruselak. Era berean, ekoizpen arazoen inguruan bertsio kontraesankorrak ematea leporatu zion konpainiari.

“Larrialdi” mekanismo bat

Guzti horregatik, “larrialdi” mekanismo bat diseinatu du Batzordeak, eta ostiral honetan aurkeztuko du. Horrela, hirugarren herrialdetara covid-19aren aurkako txertoen esportazioa kontrolatzeko eta blokeatzeko aukera izango du EBk, Europar Batasunean ekoitziak direnean.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea botika enpresen kontseilari delegatuekin bilduko da igandean.