Itxi

Gizartea

Txertaketa

Curevacen entseguetarako boluntarioak hartzen hasi dira Biocruces eta Biodonostia

L.Z. | EITB MEDIA

Proba klinikoetan parte hartu nahi dutenek gaurtik aurrera izango dute izena emateko aukera. Internet bidez bete beharko dute formularioa.

  • Curevacen entseguetarako boluntarioak hartzen hasi dira

    Curevacen entseguetarako boluntarioak hartzen hasi dira. ETBren bideo batetik hartutako irudia

Osasun ikerketarekin lotutako Biocruces eta Biodonostia institutuek aurki hasiko dituzte Curecav laborategi alemaniarrak garatutako covid-19aren aurkako txertoaren entsegu klinikoak. Horretarako, boluntarioak eskatu zituzten, eta gaurtik aurrera eman ahal izango dute izena proba horietan parte hartu nahi duten guztiek.

Horretarako, datu pertsonalak eta harremanetarako zenbaki bat eman beharko dute, internet bidez eskuragarri izango duten formularioan.

Zure interesekoa izan daiteke: Boluntario izateko bete beharreko baldintzak

Guztira, mundu osoko 30.000 pertsonak hartuko dute parte entsegu kliniko horretan; tartean, 18 urtetik gorako 2.000 euskaldun inguruk. Boluntarioek txertoaren bi dosi jasoko dituzte, 28 eguneko epean.

RNA mekanismoan oinarritutako txertoa garatu du Curevacek. Horrek sistema immunitarioa bizkortzen du, Pfizerrek eta Modernak garatutako txertoek bezala.

Dena den, Curevacen mantentze eta prestaketa baldintzek txertoaren banaketa errazten dute, alegia, "orain arteko traba nagusienetakoa saihesten dute". Europan ekoizten den txerto honek, gainera, orain arte merkaturatutakoek baino ale gehiago banatuko omen ditu.

Entsegu klinikoetara itzulita, 18 urtetik gorako edozein pertsonak hartu ahal izango du parte, betiere ikerketa protokoloan ezarritako irizpideak betetzen baldin baditu.

Aukeratutako boluntarioak bi taldetan banatuko dituzte. Talde horietako batek txertoaren bi dosiak jasoko ditu; besteak, berriz, plazeboa hartuko du.

Parte-hartzaile guztiei urtebete inguruko jarraipena egingo diete, dei telefonikoen zein sendagileari egindako bisiten bidez. Horrez gain, sakelako telefonoan aplikazio bat izango dute. Edozein unetan entsegua uzteko aukera dute boluntarioek, eta orduan jakingo dute plazeboa ala txertoa jaso zuten.

Txertoa jarri eta hiru eta sei hilabetera analisiak egingo dizkiete, eta, emaitzen arabera, baliteke Curevacen txertoaren onarpena uste baino lehen iristea, beste laborategi batzuek garatutakoekin gertatu den bezala.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.