Gizartea
TXERTAKETA IRREGULARRAK
Txertoa hartu zuten Debabarreneko ESIko bi zuzendarik dimisioa eman dute
EITB MEDIA
Gainera, Satsek baieztatu duenez, sindikatuko kide batek ere txertoa hartu zuen Santa Marinan eta UGTk ez du bere ordezkaria kargutik kenduko. Bi sindikatuek Sagarduiren dimisioa eskatu dute.
-
Eibarko Ospitaleko artxiboaren irudia. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Debabarreneko ESIko (Gipuzkoa) medikuen zuzendariak eta erizainen zuzendariak dimisioa aurkeztu dute. Gotzone Sagardui sailburuak asteazken honetan covid-19aren aurkako txertaketa prozesuan izan diren irregulartasunei buruz agerraldia egin eta ordu gutxira utzi dute kargua.
Esther Saavedra ELAko ordezkariak eman du ostegun honetan bi dimisio horien berri, gaur Osakidetzako grebaren harira sindikatuek Bilbon egin duten manifestazioan. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak albistea baieztatu du, bi zuzendariek bart dimititu dutela esanez.
Asteazkeneko agerraldian Sagarduik azaldu zuenez, Bilboko Santa Marina Ospitalean, erietxetik kanpoko 16 langilek hartu zuten txertoa, besteak beste, erlijiosoek, lau sindikalistek, kafetegiko langileek, vending enpresako beharginek eta paketeria-enpresa bateko langileek.
Aipatutako kasuez gain, sailburuak beste txertaketa batzuen berri ere eman zuen, eta tartean Debabarrena ESIko erizaintzako zuzendariak eta medikuen zuzendariak txertoa hartu zutela baieztatu zuen. Sagarduiren esanetan "ESIko bertako prebentzio-zerbitzuek egiaztatu zuten, zuzendaritzako kargudunak izan arren, covid-19arekin lotutako gaixoei ere laguntza ematen zietela eta, beraz, txertoa hartzea egokitu zitzaiela".
Ordu batzuk geroago, dimisioa aurkeztu dute biek, "arrazoi pertsonalak" medio.
ELAk, bestalde, azaldu du iragan astean Debabarrenan jarri zutela arreta, asmoa zelako ESIko lantalde osoa txertatzea, Santa Marinan gertatu zen bezala. Hori horrela, aipatu sindikatuaren iritziz, ez dabiltza protokoloa errespetatzen, "ez baitute lehenesten arrisku taldean daudenen txertaketa.
Saavedrak uste du, behin bi dimisio horiek aurkeztuta, ikerketa abiatu eta erantzuleak bilatu behar dituztela, Debabarreneko txertaketarekin lotuta.
"Osasun sailburuak du bizitzen ari garen txertaketa kaotiko honen azken ardura. Dagoeneko txertoa jarrita izan behar zuten pertsona askok ez dute oraindik lehen dosia jaso", esan du ELAko ordezkariak.
Satsek baieztatu egin du sindikatuko kide batek Santa Marinan txertoa jaso zuela
Santa Marinako polemikara itzulita, Satseko idazkari Amaia Mayorrek baieztatu du sindikatu horretako ordezkari batek txertoa jaso zuela Bilboko Santa Marinan, zentro horretako langile guztiei zuzendutako txertaketa zela arrazoituta.
Gotzone Sagarduik asteazkenean jakinarazi zuen Jose Luis Sabas zuzendariak ez ezik, beste hainbat goi-karguk eta ospitaletik kanpoko 16 lagunek jaso zutela txertoa; tartean, lau ordezkari sindikalek. Zehazki, ELAko, CCOOko, UGTko eta Satseko ordezkariak ziren txertoa hartu zutenak. Aldiz, LABek argi utzi nahi izan du bere ordezkariak ez zuela txertoa jarri, azalpen gehiagorik eman gabe.
Satseko bozeramailearen esanetan, txertaketa egin zuten egunean zentroan bertan zeuden lau ordezkari horiek, Segurtasun eta Osasun Batzordeak bilera zeukalako. Hitzordu horretan, zentroko zuzendaritzak, Lan Osasuneko departamentuak eta aipatu sindikatuetako ordezkariek hartu zuten parte, beharginen segurtasuna eta osasuna bermatuko zituzten neurriak bilatze aldera.
Amaia Mayorrek azpimarratu du bilera hasi orduko zuzendaritzak txertoa jasotzea aholkatu ziela guztiei, "egun horretan langile guztiak txertatu behar zituztelako". Gainerako langileekin harremanetan egongo zirenez, "birusaren kutsatzea saihesteko", txertoa hartzea hobe zutela esan omen zien.
UGTk ziurtatu du ez duela Santa Marinako ordezkaria kargugabetuko
Ana Vazquezek, UGTren Euskadiko Osasun Saileko arduradunak, ziurtatu du ez dutela, txertoa jarri izanagatik, Santa Marinako Ospitalean sindikatuak daukan ordezkaria kargugabetuko. Vazquezen hitzetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburua da dimisioa eman behar duena, haren kudeaketa "defendaezina" delako.
"Gauzak bide okerretik eraman dituzte, protokolo argi batzuk egon beharko lirateke, langile bakoitzak txertoa noiz jaso behar duen jakiteko", azpimarratu du.
Protokolo horiek zainketa unitateen ardura dira, "baina argiak ez direnean, hau da, orokorregiak direnean, normala da gauzak ondo ez egitea", gaineratu du.