Itxi

Gizartea

Txertoak

Bruselak txertoak entregatzeko egutegi "argia" eskatu dio AstraZenecari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Enpresa-farmazeutikoak joan den astean jakinarazi zuen adostutakoa baino dosi kopuru txikiagoa entregatuko duela ekoizpen-arazoak direla eta.

  • Stella Kyriakudes Osasun komisarioa.

    Stella Kyriakudes Osasun komisarioa. Argazkia: EFE

Europako Batzordeak estatu kideei txertoa bidaltzeko egutegi argia eskatu dio AstraZenecari, konpainia farmazeutikoko ordezkariekin bildu ostean. Batzarra "eraikitzailea" izan dela, baina urrratsik ez dutela egin azaldu dute.

"Zoritxarrez, bidalketen inguruan egutegi argirik ez dagoenez, egitasmo argi bat eskatzen diogu AstraZenecari, lehenengo hiruhilekorako hitzartutako txertoaren dosiak azkar banatzeko", azaldu du Stella Kyriakides Osasun komisarioak sare sozialetan zabaldu duen mezu batean.

Txipreko agintariak azpimarratu du Pascal Soriot AstraZenecaren ordezkari kontseilariarekin izandako bilera "eraikitzailea" izan dela, eta EBk "elkartuta eta sendo" jarraitzen duela farmazia enpresari sinatutako konpromisoak betearazteko.

Bileraren aurretik, Europar Batasuneko zentroetan covid-19ari aurre egiteko dosiak ekoizteko arazoak baldin baditu, Erresuma Batuko lantegitik helarazi diezazkiola eskatu dio gaur Bruselak AstraZeneca konpainiari.

Enpresa-farmazeutikoak lau zentro ditu: bi Erresuma Batuan eta bana Belgikan eta Alemanian. Azken bi horietako batean ekoizpen arazoak izan dituela eta, Europar Batasunarekin adostutako dosiak zehaztutako epean bidali ezingo dituela iragarri zuen joan den astean AstraZenecak eta horrek Europako Batzordearen haserrea eragin du.

Bruselaren arabera, bidalketak konpainia horrek Erresuma Batuan, Belgikan eta Alemanian dauzkan lau lantegietatik egingo dituela jasotzen da bi aldeek egindako itunean.

"Ez dago mailarik zentroen artean. Kontratuan lau zentroak aipatzen dira eta ez du ezberdintasunik egiten Erresuma Batukoen eta Europar Batasunekoen artean", azpimarratu du Osasun komisarioak.

"Kontratuan ez da zehazten herrialde batek, edo Erresuma Batuak, lehentasuna izango duenik akordioa lehenago sinatu duelako. Hiru hilabeterako egutegia adostu dugu eta (herrialde bati lehentasuna eman nahi bazion) AstraZenecak klausula batean jarri behar zuen", erantsi du.

"Lehenengo iristen denak lehentasuna izan behar duenaren logika baztertzen dugu. Herri bateko harategian horrela funtzionatu daiteke, baina ez horrelako salerosketa kontratu batean", berretsi du.

Europar Batasunak 400 milioi dosi erosteko akordioa egin zuen AstraZenecari eta kontratua publiko egin dezala eskatu dio enpresa-farmazeutikoari.

AstraZenecak eta Oxfordeko Unibertsitateak landutako txertoak oraindik ez du Europar Batasunaren baimena jaso, baina Medikamentuen Europako Agentziak ostiral honetan bertan eman diezaioke bere oniritzia.  

Bruselaren eta AstraZenecaren arteko haserreak gora egin du konpainiak adostutako dosiak baino gutxiago helaraziko dizkiola jakinarazi zuenetik.