Gizartea
Eusko Legebiltzarrean
Sagarduik txertaketa irregularren inguruko azalpenak emango ditu gaur
E.G. | EITB MEDIA
Sailburuak argibideak emango ditu Bilboko bi ospitaletako kudeatzaile ohiek covid-19aren aurkako txertoa zegokiena baino lehenago hartu izanaren harira Osakidetzak egindako ikerketari buruz.
-
Sagardui, aurreko agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia du gaur Eusko Legebiltzarrean covid-19aren kontrako txertaketa kanpainaren baitan Osakidetzan izan diren irregulartasunen inguruko azalpenak emateko. Protokoloak ezarritakoa hautsiz, birusaz babesteko txertoa jaso zuten Eduardo Maizek eta Jose Luis Sabasek, hurrenez hurren, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako kudeatzaileek, eta urraketaren harira, euren postuak utzi behar izan zituzten. Agerraldia zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en (14:30etik aurrera).
Lehendakariak berak prentsaurrekoan atzo azaldu zuenez (Sagardui eta Hurtado sailburuekin batera atera zen kazetarien aurrera, gobernu bileraren ostean), "pena eta amorrua" sentitu ditu txertaketa irregularren berri izatean. Galdetu bazioten ere, ez zuen argibide gehiagorik eman, Sagarduiren azalpenen zain egon beharra zela erantsita.
Sagarduik astean behin du agerraldia Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Normalean egoera epidemiologikoaren inguruko argibideak ematen ditu. Gaurkoan, baina, Osakidetzak irregulartasun horiek aztertzeko egindako ikerketaren nondik norakoak izango ditu ahotan, nagusiki. Ezagunak diren bi kasuez gain, protokoloaren beste urraketarik izan ote den argitu beharko du, eta zeintzuk izango diren horren harira hartu beharreko neurriak. Izan ere, sindikatuak kasu gehiago egon daitezkeelakoan daude. Are, atzo bertan salaketa aurkeztu zuen LAB sindikatuak Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas zuzendari ohien kontra, ardura pertsonal eta politikoez gain, ardura penala ere badagoela iritzita.
Jose Luis Sabas Santa Marina ospitaleko zuzendari ohiaren auzia da gehien katramilatu dena (Maizek ez du adierazpeni egin kargutik kendu zutenetik). Bilboko Udaleko EAJren zinegotzi izandakoak "errugabea" dela esan zuen hasieratik, argudiatuta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin hitz egin zuela erietxeko "lantalde guztia" txertatzeko aukeraz, eta hark ez ziola inolako eragozpenik jarri. Sabasen esanetan, sailburuak zenbat dosi behar zituzten galdetu omen zion. "Jasotako mehatxuengatik" dimisioa ematera behartuta ikusi zuen bere burua. Sagarduik, baina, halakorik gertatu zela ukatu zuen, eta berretsi Osakidetzako goi-kargu guztiek bazekitela zeintzuk ziren txertoa emateko irizpideak.
EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Csk eta Voxek "berehalako azalpenak" emateko eskatu diote Osasun arduradun nagusiari. Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko burua haratago joan da eta sailburuaren dimisioa galde egin du. EH Bilduk aurreratu duenez, frogatzen bada Sagarduik bazuela Santa Marinako txertaketaren berri haren kargugabetzea eskatuko du.
Covid-19aren kontrako txertaketa egiteko Osakidetzak prestatutako protokoloaren arabera, osasun zentroetan "lehen lerroan" lanean ari diren profesionalak izango dira txertoa hartzen lehenak. Ondoren, bigarren taldean, "bereziki egoera ahulean dauden pazienteak artatzen dituzten langileak" daude, eta, hirugarrenean, "beste paziente batzuk artatzen dituzten langileak eta lagin biologikoekin lan egiten dutenak". Azkenik, lehen fase honetako laugarren taldean, "bestelako langileak" daude, "azpikontratak barne hartzen dituen lantaldea, garbiketakoak izan ezik". Azken horiek "erreferentziazko unitatearekin" txertatuko dira; hau da, larrialdietan lan egiten duten garbiketako langileek, adibidez, unitate horretako gainerako lankideekin batera hartuko dute txertoa.