Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEn alarma-egoera amaituta, zeintzuk dira indarrean dauden neurriak?

EITB MEDIA

Etxeratze-agindua eta itxiera perimetralak amaitu badira ere, kutsatzeak ekiditeko beste hainbat neurri murriztaile indarrean daude. Argitu gida honetan zalantza guztiak.

  • Ertzaintzaren kontrola Andoainen.

    Ertzaintzaren kontrola Andoainen. Artxiboko argazkia: EFE

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alarma-egoera kendu badute ere, pandemiari aurre egiteko beste hainbat neurri indarrean daude. Argitu zure zalantzak Eusko Jaurlaritzak 2021eko maiatzaren 10ean eguneratutako gida honetan.

OINARRIZKO GALDERAK

1. Indarrean jarraitzen al du lau pertsonatik gorako taldeetan espazio publiko ta pribatuetan egoteko mugak?

Oro har, pertsonen taldea ez dago mugatuta, berariaz ezarritako jardueretarako izan ezik (ostalaritza, kirolak, etab.). Hala ere, 4 pertsona baino gehiagoko taldeak saihestea gomendatzen da.

2. Indarrean jarraitzen al du Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko eta irteteko muga?

Ez, ez dago lurralde-desplazamenduaren murrizketarik. Hala ere, alferrikako mugikortasun oro saihestea gomendatzen da.

3. Indarrean al dago 22:00etatik aurrera gauez zirkulatzeko muga?

Ez, ez dago ordutegi-mugarik mugikortasunerako. Nolanahi ere, mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara mugatzea gomendatzen da.

4. Zer hartu behar dut kontuan maskara bat erosterakoan?

Arrazoi medikoengatik salbuetsita dauden pertsonen kasuan izan ezik, Kontsumo Ministerioak gomendatu du ezarritako zehaztapenak bete behar dituzten eta etiketan adierazi behar duten higiene-maskarak erabiltzea.

5. Maskara eramatetik salbuetsita dagoen pertsona bat maskara gabe sar al daiteke edozein motatako establezimenduetan?

Maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuan nahitaezko maskararen erabilera ezartzen da, salbuespen zehatz batzuetan izan ezik. Herritarrentzako salbuespenak maskara nahitaez erabili behar ez den jardueretan baino ez dira aplikatuko. Bestela esanda, maskara ez erabiltzeko mediku-ziurtagiria eduki arren, ezingo da markararik gabe gimnasio batean sartu, ez eta terraza batean egon edo saltoki batean sartu ere, jarduera horietan berariaz jasota baitago maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela. Beraz, medikuntza-salbuespenak bide publikoan eta nahitaez erabili behar ez diren jardueretan aplikatuko dira.

6. Kontsumitu al daiteke alkoholik bide publikoan?

Ez. Alkohola kontsumitzeko debekuari eutsi zaio, bai bide publikoan, bai kanpoko esparruetan edo “kale-zurrutak” edo “ez-jaiak” motako bileretan ere.

7. Zer neurri hartu behar dira hondartza eta igerilekuetan?

Hondartzen kasuan, Foru-aldundiek eta Udalek mugak ezarri beharko dituzte hondartzetara sartzeko eta edukiera zehazteko, erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatu dadin. Horretarako, mugak ezarri ahal izango dituzte hondartzetan egoteko denboretan, bai eta aparkalekuetarako sarbideetan ere, hondartzen edukiera kontrolatzea errazteko.

Igerilekuen kasuan:

– Aire zabaleko edo estalitako igerilekuek, kirol- edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren ehuneko 50eko muga errespetatu beharko dute, bai sarbideari dagokionez, bai kirol- edo jolas-jardueretan.

– Igerilekuak erabiltzean, segurtasun- eta babes-neurri egokiei eutsi beharko zaie, batez ere erabiltzaileen arteko segurtasun-distantziari.

– Igerilekuetako egonlekuetan, banaketa espaziala ezarriko da, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko, lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez.

8. Zein ordutara arte dago garraio publikoa?

Edozein motatako garraio publikoek eta EAEko hiru Lurralde Historikoetako bakoitzaren eremu txikiagokoek, gehienez 23:00etan irten beharko dute. 

9. Taxiek 23:00etatik aurrera zerbitzurik eskaini al dezakete?

Bai. Ez da garraio kolektiboa eta funtsezko jarduerak egiten ditu.

10. Garraio publikoan jan edo edan daiteke?

Bi ordutik beherako iraupena duten EAEko garraio publiko guztietan debekatuta dago edozein janari mota kontsumitzea, alkoholik gabeko edariak izan ezik.

11. Ba al dago okupazio-mugarik garraio publikoan?

Ez, garraio publiko eta pribatuetan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona mugitu ahal izango dira, betiere maskara mantenduz.

12. Erre daiteke bide publikoan?

Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik.

13. Derrigorrezkoa al da erabilera publikoko establezimenduak eta lekuak aireztatzea?

Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.

14. Zein baldintzatan egin daitezke ezkontzak, jaunartzeak, bataioak eta antzeko ospakizunak?

a) Zeremonia edo ospakizun horiek kultu-lekuetan egiten badira, dekretu honetan berariaz jasotako erlijio-kultuko ekitaldiak egiteko ezarritako edukiera-arauak eta higiene- eta prebentzio-neurriak aplikatu beharko dira.

b) Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan egin daitezkeen ospakizunek establezimendu horietan zerbitzua emateko aurreikusitako baldintzak eta edukiera bete beharko dituzte.

c) Ekitaldi horiek ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduekin bat ez datozen esparruetan antolatzen dituzten enpresek prebentzio-neurri baliokideak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betetzen dituen jarduketa-protokolo bat izango dute. Ekitaldi hauek ezin izango dira 22:00ak baino beranduago amaitu.

OSTALARITZA ETA JOKO ETA APUSTUEN LOKALAK

15. Zer zerbitzu eman dezakete ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek?

Aire zabaleko terrazetan zerbitzuak eskaini ahal izango dira eta barruan ehuneko berrogeita hamarreko edukiera izango dute.

Bezero-taldeek ezingo dute mahai bakoitzean lau baino gehiago izan, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona-kopuru handiagoko talde baterako, bizikideen kasuan izan ezik. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik.

Nolanahi ere, mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia dagoela ziurtatu beharko da.

16. Zer ordutegi dute ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek?

Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek –zerbitzuguneetako zerbitzuek izan ezik– gehienez ere 22:00etan itxi beharko dute, eta ezingo dute 06:00ak baino lehen ireki.

17. Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon daitezke 22:00etatik aurrera?

Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon daitezke 22:00etatik 06:00etara bitartean egon ahal izango dira irekita, baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.

18. Lau kide baino gehiagoko familia batek jan al dezake taberna-jatetxe bateko mahai berean?

Mahai bakoitzeko bezero-taldeek ezin izango dute lau baino gehiago izan, bizikideen kasuan izan ezik.

19. Derrigorrezkoa al da ostalaritza-establezimenduetan maskara erabiltzea?

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik. Barruko establezimendu batean maskara behin eta berriz ez erabiltzea arrisku handiko testuingurua da.

20. Itxi al dezaket 22:00etan establezimenduaren barrualdea eta jarraitu terrazetan bezeroei arreta ematen?

Ez. Establezimenduen barrualdea eta kanpoaldea 22:00etan itxi behar dira, bezeroak ateratzea barne.

21. Jaso eta banatu al daitezke janari-eskaerak ostalaritza-establezimenduetan?

Bai, eskaerak 22:00ak arte entregatu ahal izango dira, establezimenduan bertan, eta, edonola, itxita egon beharko da jendaurreko beste edozein zerbitzutarako. Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte egin ahal izango da.

22. Baimenduta al dago barran kontsumitzea?

Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, bai barruan, bai kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute.

23. Joko- eta apustu-establezimendu batera joan naiteke?

Bai, joko- eta apustu-establezimenduek ateak ireki ditzakete indarrean dauden murrizketak eta ordutegiak errespetatuz.

24. Zer ordutegi dute joko- eta apustu-establezimenduek?

Establezimendu horiek, gehienez ere, 22:00etan itxi beharko dira, bezeroen hustea barne, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat.

25. Ostalaritza-zerbitzua duen joko- eta apustu-establezimendu batek eskaini al dezake janaria eta edaria?

Bai, ostalaritzari aplika dakizkiokeen neurri eta murrizketa berberak errespetatuz.

26. Baimenduta al dago ostalaritza-establezimenduetan jolas- edo apustu-makinak erabiltzea?

Bai, jolasten duen pertsona beti eserita egon behar du eta joko- eta apustu-lokaletarako ezarritako erabilera- eta higiene-baldintza berberetan.

27. Ba al dago futbolin edo billarrean jokatzerik ostalaritza-establezimendu batean?

Jolas, joko- edo apustu- -makinak establezimendu barruan nahiz kanpoan erabiltzeko bezala, erabiltzaileek eserita egon behar dute uneoro, eta joko- eta apustu-lokaletan ezarritako higiene- eta prebentzio-baldintza guztiak errespetatu behar dituzte.

28. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak ireki al daitezke?

Ez. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

29. % 50eko gehieneko edukiera hoteletako eremu komunetan (jantokia, kafetegia, eta abar) aplikatzen den 30 pertsonako kopurua baino handiagoa izan daiteke?

Dekretuak gehienez ere % 50eko edukiera ezartzen du kanpin-hotelen eta turismo-ostatuen eremu komunetarako, eta gune horietan ezin da inoiz 30 pertsonako muga gainditu aldi berean eta pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia errespetatuz.

Ostalaritza-instalazio horietako gainerako aretoek edo jantokiek % 50eko gehieneko edukiera errespetatu beharko dute, beren azaleraren arabera, eta jantokien kasuan, jatetxe-zerbitzuei aplikatu beharreko araudia errespetatu beharko dute, edo, bestelako ekitaldiak antolatuz gero, barne-espazioetako bilerei aplikatu beharrekoa.

Nolanahi ere, gogorarazten da, 22:00etatik aurrera, hotelek eta bestelako ostatuek ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak ostatu hartutako bezeroei soilik eskaini ahal izango dizkietela.

30. Zenbat lagunek har dezakete ostatu landetxe batean eta zein baldintzatan?

1. Landetxe bateko zerbitzua soilik alokatu ahal izango da ostatu hartzeko baimena duten pertsonen kopururako, eta ostatu hartzen duten pertsona guztiak bertan erregistratu beharko dira.

2. Gosariei, bazkariei eta afariei dagokienez, ostalaritzaren esparrurako ezarritako irizpideak errespetatuko dira:

- Mahaiko mahaikideen gehieneko kopurua lau pertsonakoa da, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona gehiago elkartzeko, bizikideen kasuan izan ezik.

- Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, gutxienez metro eta erdiko tartea utzi behar da.

- Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak irensten direnean izan ezik.

3. Nolanahi ere, komeni da bizikidetza-unitate baten baino gehiagoren bilkurak edo topaketak saihestea, batez ere barne-eremuetan.

 

KIROLA

31. Baimenduta al dago eskola-kirola?

Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, eta gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili.

Entrenamenduetan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko metro eta erdiko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.

Eskola-kirolean maskara erabiltzea nahitaezkoa da, bai aire zabaleko kirol-jardueretan, bai barruko esparruetan. Igerilekuetan eta kanpoko jarduera fisiko handiko aparteko uneetan baino ez dira kenduko.

32. Eta eskola-kiroleko lehiaketa?

Ez.

33. Ikasleek aldagelak erabil ditzakete?

Ez. Aldagelak ezin dira erabili eskola-kirolean, erabiltzaileek erabili behar dituzten igerilekuetako aldagelak izan ezik, jakina.

34. Kendu al dezaket maskara, bakarka, hiri-inguruetan kirola egiten dudan bitartean?

Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.

35. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea kiroldegietan, gimnasioetan eta barruko esparruetan?

Bai.

36. Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke?

Erabili ahal izango dira, gehieneko edukieraren % 35eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu.

37. Zer ulertzen dugu kirolari erdi profesional diogunean?

Egutegi ofizialeko Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira, guztiak kategoria absolutuan, Eta Estatuko edo nazioarteko lehiaketetan dagokien kategoria absolutua baino beheragoko kategorian. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol-lehiaketak sartzen dira.

38. Baimenduta al dago ehiza-jarduera bere modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza ere, modalitate guztietan?

Bai. Nolanahi ere, beti errespetatu behar da pertsonen arteko metro eta erdiko segurtasun-distantzia, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea.

39. Publiko gisa joan naiteke kirol-ekitaldi batera?

Ez. Debekatuta dago jendeak kirol-ekitaldietara joatea.

40. Gimnasio bateko makina-gelan kirola egin dezaket?

Bai, banaka, maskara erabiliz, segurtasun-distantzia mantenduz eta baimendutako gehieneko edukiera errespetatuz.

41. Ikastaroak edo jarduerak taldean eskain daitezke?

Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak bakarrik egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, kanpoan egiten diren jarduera fisiko aparteko uneetan izan ezik. 6 pertsonako taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 50era mugatuta badago.

42. Kirolari federatu bat lehiatu daiteke?

Bai.

43. Udako ohiko lehiaketak antolatu al daitezke federazioen estaldurarik ez badute?

Udan ohikoak diren kirol-lehiaketak federazioen egituratik kanpo antolatzen badira, antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei, lehiaketa garatzeko protokolo bat erantsita. Protokolo horrek, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren jarraibideak betez, higiene- eta urruntze-neurri guztien jarraipena eta osasun-agintariek ezarritako beste edozein arau bermatuko ditu.

 

BESTEAK

44. Eskola-talde egonkor batek parte har al dezake museoetara, Aquariumetara, natura interpretatzeko zentroetara edo antzekoetara egiten diren bisitaldietan, nahiz eta talde bakoitzeko 6 pertsonako gehieneko kopurua gainditu gida bakar batekin?

Bai, baldin eta eskola-talde egonkorrak badira eta prebentziozko segurtasun-neurri guztiak errespetatzen badira, hala nola maskarak uneoro erabiltzea, eskuak desinfektatzea, segurtasun-distantziak, eta abar.

45. Azoka txikiak egin al daitezke bide publikoan?

Bai. Egiten ziren lekuetan egin daitezke, betiere baimendutako postuen % 50 gainditzen ez bada. Hala ere, Udalek beste espazio edo kokaleku batzuk gaitu ditzakete, baimendutako postu guztiek lekua izan dezaten.

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da beti, eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izango da.

46. Musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak baimenduta al daude?

Musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

47. Baimentzen al dira dantza taldeen entseguak eta emanaldiak?

Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta daude, eta betiere zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren eta maskara erabiltzearen prebentzio-baldintzak. Nolanahi ere, prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

48. Zer edukiera errespetatu behar du saltoki txiki batek?

150 metro koadro baino gutxiagoko establezimenduek ezingo dute edukieraren ehuneko 50 gainditu.

49. Eta azalera handia bada?

150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduek edukieraren ehuneko 40ko gehieneko edukiera baimendua izatera igaroko dira, eta, hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko zaie merkataritza-guneei solairu eta saltoki bakoitzean, haien azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko.

50. Zein baldintzapean egin daiteke hileta, beilatokia edo ehorzketa bat EAEn?

EAEn gertatzen diren hileta, beilategi edo ehorzketetan, hemen ezarritako neurriak bete behar dira:

- Hil-beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira, gehienez, aire zabaleko espazioetan, eta 6, espazio itxietan. Bertaratzen den pertsona-kopurua txikiagoa izanez gero, ezingo da baimendutako edukieraren % 50 gainditu.

- Hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez 10 pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da.

- Kasu guztietan erabili beharko da maskara.

51. Zein da kultura- edo gizarte-ekitaldi eta -jardueren ordutegia?

Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 22:00ak baino beranduago amaitu.

52. Egin al daitezke erkidegoen bilerak edo jabeen batzarrak?

Maiatzaren 4ko 8/2021 Errege Lege Dekretuak 2. artikuluan jasotzen du. Betebeharrak eta luzapenak etetea, jabekideen batzarrak deitu eta egiteko betebeharra etetea jabetza horizontalaren araubidearen mende dauden erkidegoetan, 2021eko abenduaren 31ra arte.

Hala ere, bilerak egin ahal izango dira, betiere topaketak egiten diren lokaletan ezarritako edukiera-mugak betetzen badira, prebentziozko segurtasun-neurri guztiez gain: maskara, aireztapena, segurtasun-distantzia...

53. Zer baldintzatan ireki ditzakete gaztetxeek?

Gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko administrazio-baimena duten lokalek kultura- edo gizarte-jarduerak edo -ekitaldiak egin ahal izango dituzte, eta ezin izango dituzte 22:00ak baino geroago amaitu. Ezarritako jarduera-debekuak eta -eteteak errespetatu beharko dira, bai eta ehuneko 50eko gehieneko edukiera ere.

Instalazioetan pertsonen arteko segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako ordezko neurriak. Maskara nahitaez erabili behar da.

Dagokion baimenik ez duten lokalak gazte-lonjen eta antzekoen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.

54. Zer baldintzatan egin behar dira haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak?

a) Aisialdiko jarduerak antolatzen dituen erakundeak COVID-aren aurkako protokolo bat izan beharko du, prebentzio-neurriak benetan betetzen direla bermatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betez.

b) Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak sei laguneko talde egonkorre­tan antolatu beharko dira, begiraleaz gain, eta, ahal dela, aire zabaleko guneetan. Maskara erabili beharko da beti.

c) Jantokiak erabiltzen badira, edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuko da haien okupazioa, eta sei pertsonako talde berberak mantenduko dira, taldeen artean 2 metroko distantziarekin. Jantokiak behar bezala aireztatuta egon beharko dira.

d) Kirol-jarduerak edo artistikoak kontakturik gabe eta ikuslerik gabe egingo dira.

e) Egin beharreko jarduerek gaua igarotzea eskatzen badute, gela partekatuek baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko 50 hartuko dute, pertsonen arteko distantziari eutsiz, eta, ahal den neurrian, sei pertsonako talde egonkorrak mantenduko dira, begiraleak edo erakundeko arduradun heldu batek gainbegiratuta.

f) Kanpin-dendak erabiltzen direnean, pertsona batek lo egin dezake denda bakoitzeko. Parte-hartzaileak bizikideak badira, denda berean lo egin dezakete. Dendak fisikoki isolatuta dauden zenbait gela baditu, gela horiek erabili ahal izango dira, eta egunero jaso, garbitu eta aireztatuko dira. Halaber, gaua bibak egiten igarotzea baimentzen da, segurtasun-distantzia eta zakuen higienea mantenduz.

55. Kultu-lekuak 22:00ak baino beranduago itxi al daitezke?

Dekretuak ez du eragozten kultu-lekuak 22:00etatik aurrera irekita egotea. Nolanahi ere, zorrotz bete beharko dituzte gehieneko edukieraren %35eko araua eta gainerako higiene- eta prebentzio-neurriak, batez ere maskara etengabe erabiltzea eta 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia ziurtatzea.

Gomendio gisa, Eusko Jaurlaritzak gaueko jarduera 23:00etatik 06:00etara mugatzea proposatu die herritar guztiei, nahita eta kontzienteki. Hori dela eta, kultu-lekuak 23:00ak baino lehen ixtea gomendatzen dugu, fededunak etxera 23:00ak baino lehen joan daitezen. Hori guztia, osasun publikoaren eta bizitzaren aldeko konpromiso indibidual eta kolektiboaren barruan.