Gizartea
Koronabirusa
Txerto hornikuntza normaldu egin da berriz, esperotako dosiak heldu baitira
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Astelehen honetan Pfizerren txertoko 15.600 dosi heldu dira EAEra, eta 5.850 Nafarroara. Joan den astean, konpainia horrek agindutako dosien erdiak baino ez zituen eman.
-
EAEko txertoak Forondara iritsi dira. Artxiboko argazkia: EFE
EAEra eta Nafarroara esperotako txerto kopurua iritsi da astelehen honetan. Hain zuzen ere, Pfizer-BioNtech konpainiaren txertoko 15.600 eta 5.850 dosi heldu dira, eta, horrela, normaldu egin da txerto hornikuntza berriro, joan den astean enpresa horrek ekoizpen arazoak izan eta agindutako dosien erdiak eman eta gero.
Orain, EAEk aurrera egin ahal izango du txertaketa prozesuarekin. Osakidetzaren estrategia da txertoen bigarren dosia gordetzea, lehen dosia jaso dutenek bigarrena ere bermatuta izan dezaten.
Gaurko 15.600 dosiak Forondako aireportura heldu dira, ohi bezala, eta, ondoren, Bexen enpresak Hernanin duen biltegira eraman dituzte.
Nafarroari dagokionez, txertaketa kanpainari heldu diote berriz astelehen honetan erresidentzietan eta osasun langileen eta mendekotasun handiak dituzten pertsonen artean.
Orain arte, Foru Erkidegoan jasotako 17.339 dosien % 82,98 jarri dituzte.
Bestalde, txertoak jartzeko kamioi ibiltaria Azkoienen, Lodosan, Los Arcosen, Tafallan eta Zarrakaztelun izango da aste honetan.