Itxi

Gizartea

Txertaketa

Basurtuko zuzendari posturako deialdia eta Maizen kargu-uztea ofizialdu dituzte

L.Z. | EiTB MEDIA

Osakidetzak ezarritako protokoloa bete gabe txertoa jartzeagatik utzi behar izan zuen kargua Maizek, baita Santa Marina ospitaleko zuzendari Jose Luis Sabasek ere.

  • Basurtuko ospitalea

    Basurtuko ospitalea. Argazkia: EFE

Eduardo Maiz Basurtuko ospitaleko zuzendariaren kargu-uztea argitaratu du astelehen honetan EAEko Aldizkari Ofizialak, eta postu hori betetzeko deialdiaren oinarriak eman ditu argitara.

Osakidetzak ezarritako protokoloa bete gabe txertoa jarri zuela jakin zenean utzi zuen Basurtuko ospitaleko zuzendari kargua Maizek. Horixe bera gertatu zen Jose Luis Sabas Santa Marina ospitaleko arduradunarekin ere. Sabasek, baina, argi utzi zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin hitz egin ostean eman zuela dimisioa. Haren hitzetan, Sagarduik bazekien zentro horretako langile guztiek jarriko zutela txertoaren lehen dosia.

Sagarduik, aldiz, ezeztatu egin zituen Sabasen adierazpenak zentro bakar batek ere ez duela horrelako baimenik jaso azpimarratuz. Gainera, iragarri zuen, badaezpada, osasun langile guztien kasuak ikertzen ari direla, irregulartasun gehiago atzeman dituzten ala ez zehaztu gabe.