Gizartea
KORONABIRUSA
Nafarroak 159 positibo berri zenbatu ditu
E.G. | EITB MEDIA
Egonkortzera egin dute datuek azken egunetan. Hala, bezperan baino zazpi kutsatze gutxiago atzeman dituzte. Positibotasun tasa % 9,2ra igo da.
-
Osasun langile bat PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE
Positibo berriek egonkortzera egin dute azken orduetan Nafarroan, eta, igande honetan, 159 kutsatu berri atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, igande honetan 1.737 proba diagnostiko egin dira (bezperan baino 818 gutxiago) eta 159 kasu zenbatu dituzte. Hala, positibotasun tasa % 9,2ra igo da (bezperan baino 2,5 puntu gehiago harrapatu ditu).
Bezperako datuekin alderatuta, behera egin dute positiboek (zazpi gutxiago). Igandeetan astegunetan baino proba diagnostiko gutxiago egin ohi dira, eta, hala, joeraren berri izateko garrantzitsua izaten da aurreko bi igandeetako datuak ezagutzea. Hala, duela astebete 199 kasu zenbatu ziren (atzo baino 40 gehiago), baina duela bi aste 133 izan ziren (26 gutxiago).
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Iruñeko Ermitagaña auzoa da denen buru, 10 positibo atzemanda. Ondoren datoz Mutiloa eta Arrotxapea (Iruñea), bederatzinarekin. Zazpi kasu zenbatu dituzte Tutera Mendebaldean, eta Iruñeko II. Zabalgunean eta Buñuelen, seina.