Itxi

Gizartea

TXERTAKETEN ESKANDALUA

ESKk salatu du Maizek txertatu izana ukatu ziela lehen dosia jaso eta 10 egunera

EITB MEDIA

Bilbao-Basurto ESIko ESK sindikatuko ordezkariak zalantzak ditu jende gehiagok ere ez ote duen gauza bera egin. ELA-Osakidetzak ere txertaketa irregular gehiago izan direnaren susmoa du.

  • Basurtoko eta Santa Marinako zuzendari ohiak.

    Basurtoko eta Santa Marinako zuzendari ohiak. Argazkia: EITB MEDIA

ESK sindikatuak salatu duenez, Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko zuzendari ohiak sindikatuetako ordezkariei esan zien bera izango zela "covid-19aren kontra txertatzen azkena", "hamar egun zeramatzanean" txertoaren lehen dosia jarrita.

Orain arte Basurtuko Ospitaleko zuzendari izan den Eduardo Maizek eta Santa Marinako gerente ohi Jose Luis Sabasek aste honetan utzi behar izan dituzte beren karguak, Osakidetzak ezarritako protokoloa urratu eta covidaren aurkako txertoaren lehen dosia ez zegokienean jarri dutela publiko egin ostean.

Radio Bilbaon egindako elkarrizketan, Gustavo Pastor Bilbo-Basurtuko ESIko ESK sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, ordezkari sindikalekin egindako bilera batean, Maizek azaldu zien bera izango zela "ospitalean txertatzen azkena", baina "hamar egun lehenago jarria zuen jada lehen dosia".

"Komunikabideen bidez saldu digute egoitzetako dosi soberakinak zirela, baina dosi horiek soberan bazeuden, eta arazoa garraioa izan bazitekeen, birusaren aurkako borrokan lehen lerroan dabiltzanei abisatu ziezaieketen, egoitza jakin batzuetara joan zitezen txertoa jartzera", azaldu du sindikatuko ordezkariak.

ESK sindikatuak, era berean, zalantzan jarri du Maiz bakarrik edo ospitaleko arduradunen gehiagok jarri ote duten txertoa. Izan ere, Basurtuko Ospitaleko prebentzio-burua, Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuko koordinatzaile nagusi eta LABIko Batzorde Teknikoko kide ere baden Ana Collazos, arduratu baita ospitaleko txertaketa-protokoloa koordinatzeaz. "Kontuan hartuta txertaketa prozesua gure ospitaleko Lan Osasuneko unitateko buruak kudeatu duela eta LABIko kidea ere badela, uste dugu pertsona gehiago egon daitezkeela txertatuta", ohartarazi du Pastorrek.

Iritzi berekoa da ELA ere. Larunbatean Euskadi Irratian elkarrizketatuta, Esther Saavedra ELA-Osakidetzako arduradunak adierazi zuen, susmoa dutela "osasun zentru gehiagotan ere "txertaketa-irizpideak eta protokoloa ez direla behar bezala bete". Gainera, "oso zaila" egiten ari zaiela "informazioa lortzea" salatu zuen.

Bestalde, txertaketa nola egin behar den ez dagoela "ondo zehaztuta" ohartarazi zuen eta ekipoak ere ez direla indartu nabarmendu zuen.