Gizartea
Alde Zaharreko Gazte Asanblada
Ehunka pertsonak Ertzaintzaren "errepresioa" salatu dute Donostian
E. L. | EiTB Media
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, gazteen "kriminalizazioaren" aurka protesta egin dute, aste honetan hirian izandako istiluen ostean.
-
Manifestazioa Donostian. Argazkia: EFE
Ehunka pertsonak manifestazioa egin dute Donostian, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, “errepresioaren” eta gazteen “kriminalizazioaren” aurka protesta egiteko, aste honetan hirian izandako istiluen ostean.
Donostiako Alde Zaharraren inguruan giroa gaiztotuta dago azken asteetan. Ertzaintza eta zenbait gazteren artean istiluak behin baino gehiagotan izan dira, handienak, zalantza gabe, San Sebastian egunean, asteazkenean.
Osasun arauak betetzen ez zituzten gazteen jarrera salatu du Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, manifestazioa deitu duenak, aldiz, Ertzaintzaren "bortizkeria" salatu du.
Ehunka pertsonak egin dute bat protestarekin, "Errepresiorik ez, gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu!" lelopean. Alde Zaharreko auzo elkarteak eta Piztu Donostia plataformak bat egin dute, baita Sare Antifaxista eta Askapena kolektiboek, CNT eta LAB sindikatuek eta Sortuk ere.
Protesta Boulevard zumarditik abiatu da eguerdian, eta Trinitate plazan bukatu da, ekitaldi batekin. “Utzi auzoa bakean” pankarta zintzilikatu dute bertan marrazki batekin, non Eneko Goia Donostiako alkatearen, ertzain baten eta udaltzain baten irudia ikus zitezkeen.
“Borroka da bidea”, “kanpora hemendik, utzi bakean”, “ez gaude guztiak, presoak falta dira”, “polizia hiltzailea” eta EAJren aurkako oihuak egin dituzte.
Milesker gaur manifestaziora etorri zareten guztioi!
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) January 23, 2021
Alde Zaharrak argi eta garbinutzi du, ez ditugula nahi, ez ditugula behar!
Alde Zaharra bizirik!
Alde hemendik, utzi pakean! pic.twitter.com/av1I8LCQGc
Ertzaintzaren “neurriz kanpoko” esku hartzea “begi bistakoa” izan zela uste du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Ertzaintzako sindikatuek hura “justifikatzea eta txalotzea onargarria” ez dela erantsi du Oterok Radio Euskadiko ‘Parlamento en las Ondas’ saioan.
Lehenik eta behin, Oterok “mundu guztiari erantzukizuna” eskatu dio, egoerak “zaila” izaten jarraitzen duelako, eta “guztiak zaintzea” beharrezkoa delako.
“Guk dakigunaren arabera, gertatzen ari zenak ez ditu justifikatzen ikusi ditugun irudiak”, adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak. Oteroren hitzetan, “Iñigo Cabacasen heriotzarekin mundu guztiak lezioa ikasi zuela uste genuen, baina ez da horrela izan, Estrasburgoko Auzitegiak Cabacas auzian neurrigabe jokatu eta behar bezala ikertu ez zela ebatzi duen astean bertan”.
“Guztiarekin sartuko gara; Cabacas hil zuten kalezulotik Donostiako jotzera tiro egitera pasa gara”, salatu du Oterok. Ertzaintzako buruzagi batek “jotzera tiro egiteko agindua ematea, ondorio izugarriak izan ditzakeenean, ez da onargarria”, kritikatu duenez.
Deitoratu duenez, Donostian gertatutakoaren “balantzea masailezurra hautsita duen gazte bat” izan da. “Hori neurri faltaren adierazle on bat da”, gaineratu duenez.
“Segurtasun sailburuordeak” edo Ertzaintzako sindikatuek “justifikatzea eta txalotzea onargarria” ez dela esan du Oterok. Hala ere, gai honetan “positiboak” izatea eskatu du, “Polizia ereduaren inguruko eztabaida behar dugulako”. Zentzu horretan, EH Bilduk Legebiltzarrean eredu bat planteatu zuela gogorarazi du, baina Gobernuko talde politikoek “atzera bota zuten”.
Laura Garrido PP+Cs koalizioko legebiltzarkideak, ostera, Ertzaintzari babes osoa adierazi dio. “Jarrera biolentoei” aurre egin behar izan zietela gogorarazi du.
Garridoren ahotan, Polizia “ordena publikoa bermatzeko eta herritarrak babesteko” dago. Zenbait talde politikok “indarkeria irmo gaitzetsi beharrean polizia susmopean jartzeak” ez duela harritzen azaldu du PP+Cseko ordezkariak. “Zortzi ertzain eta bi oinezko zauritu zituzten”, gogorarazi du. “Botilak, estolda zatiak eta harriak bota zituzten, eta edukiontziei su eman zieten”, erantsi du.
Horregatik, “gertakariak irmo” gaitzetsi ditu, eta “istiluen gorakadarekin” kezkaturik agertu da, “iraganeko kale borroka gogora ekartzen dutelako”.