Gizartea
KORONABIRUSA
305 kasu zenbatu dituzte Nafarroan, azken bi hilabeteetako zifrarik altuena
E.G. | EITB MEDIA
Sei udalerri edo gunek 10 kutsatze baino gehiago zenbatu dituzte, eta denen buru Iruñeko Arrotxapea auzoa kokatu da, 19rekin. Positibotasun tasa % 8,8koa da.
-
Adineko bi pertsona txertoa hartzeko prest Oronoz-Mugairen. Argazkia
Bezperan baino 74 kutsatze gehiagorekin, eguneroko positiboek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan. Ostegun honetan 305 kasu atzeman dituzte, egindako 3.469 proben artean (PCR eta antigenoak), eta positibotasun tasa % 8,8koa da, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Bigarren olatuko kopuru handienetakoa da honakoa, eta azaroaren 6ra (330) egin behar dugu atzera zifra altuagoa topatzeko. Goranzko joera are nabarmenagoa da duela zazpi eguneko datuarekin alderatuz gero (+79) edo duela 15 egunekoarekin erkatuta (+123).
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, seik gainditu dute 10 kutsatzeen maila. Denen buru Iruñeko Arrotxapea auzoa, 19 positibo zenbatu baititu; II. Zabalgunean eta Iturraman (hauek ere Nafarroako hiriburuan), 15na atzeman dituzte. Honakoek osatzen dute zerrenda: Barañain (11) eta Iruñeko San Jorge eta Tutera ekialdean (10).
Pandemiaren aurrerapenaren aurrean Nafarroako Gobernuak adostutako murrizketa berriak indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago ezagutu dituzte datu horiek.
Larunbat honetako (urtarrilak 23) 00:00etatik otsailaren 7ra arte ostalaritza-establezimenduen barrualdea itxiko dute, eta eremu pribatuko bilerak bizikidetza-unitate bakar batera mugatuko dira.
Komunitatearen itxitura perimetralak bere horretan jarraituko du, eta etxeratze-aginduak 23:00etatik 06:00etara jarraituko du. Jardunaldi honetan, azken egunetako datuen aurrean, Osasun Saila baheketa bat egiten ari da Andosillan.