Gizartea
Koronabirusa
Jaurlaritzak herriak konfinatzea eta establezimenduak 19:00etan ixtea proposatu du
agentziak | eitb media
Horixe da Espainiako Lurraldearteko Osasun Kontseilura eraman duen proposamena, eta eremu publikoan eta pribatuan gehienez lau pertsona elkartzea ere proposatu du.
-
Jendea Bilbon. Argazkia: Efe
Eusko Jaurlaritzak etxeratzeko agindua 20:00etara aurreratzea eta jarduera guztiak (farmaziak eta gasolindegiak izan ezik) 19:00etarako amaituta egotea eskatu du Espainiako Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren batzarrean, baina Espainiako Gobernuaren ezetza jaso du oraingoz.
Jaurlaritzak prentsa-ohar batean azaldu duenez, covid-19aren kutsatzeek gora egin dute, eta, Lurraldearteko Kontseiluan, erkidegoetako osasun arduradunak Espainiako Osasun ministroarekin elkartzen diren lekuan, "irizpide orokor bat" ezartzea eskatu du, erkidego bakoitzak bere egoeraren arabera moldatzeko aukera izateko.
Hala, etxeratzeko agindua 20:00etara eta establezimendu guztien itxiera eta kirol, kultur eta jarduera sozialen amaiera 19:00etara aurreratzeaz gain, "udalerri guztiak perimetralki ixtea" proposatu du Jaurlaritzak.
Gainera, eremu publiko eta pribatuan gehienez 4 pertsona elkartu ahal izatea eskatu du, bizikideen kasuak salbuetsita.
Era berean, 14 eguneko intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500tik gorakoa duten 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, ostalaritza itxita izatea eta taldeko kirola debekatzea proposatu du.
5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan EAEn egiten ari direna ere jarri du mahai gainean, eta intzidentzia altuko udalerrietan zein neurri hartu behar diren erabakitzen dutenak osasun zerbitzuak izatea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du neurri horiek "otsailaren amaiera arte" luzatzea dela hasierako planteamendua, baina "hamabostean behin berrikusita".
Lehendakariaren erantzuna
Espainiako Gobernuak etxeratzeko agindua aurreratzea baztertu ostean, lehendakariak sare sozialen bidez erantzun du "aukera bat" galdu dela "adostasunean sakontzeko", eta "egoera oso larria" dela.
Hala eta guztiz ere, hau azpimarratu du: "Euskadik pandemiaren kontrolerako dituen tresnekin lanean jarraituko du, aurkeztu ditugun proposamenak gauzatzen saiatuko gara".
¿ Egoera oso larria da, gure ingurune osoan eta Euskadin ere. Egoera horren aurrean, aukera bat galtzen ari da ostiraletik hona proposatu dudan adostasunean sakontzeko, bai eta "tresna juridikoetan" sakontzeko ere. pic.twitter.com/p35aEDIJ44
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) January 20, 2021