Gizartea
Txertaketa
Txertoak gorde zituzten erkidegoei gutxiago ematea "onartezina" da Urkullurentzat
Mikel Dominguez | EITB Media
Asteazkeneko bileran Espainiako Gobernuak "adostutako irizpideei eustea" espero du lehendakariak, "zuhurtasun eta aurreikuspen handienaz jokatu duenari kalte" ez egiteko.
Iñigo Urkullu lehendakariarentzat "onartezina" da Espainiako Gobernuak "txertoak gorde ez dituzten erkidegoei bigarren dosia bermatzeko" hartutako erabakia, hori "bidegabea" delako Euskal Autonomia Erkidegoarentzat.
Urtean egin dezakeen dosi kopurua handitzeko asmoz, Pfizerrek aldi baterako murriztuko du banaketa datorren astean. Urkulluren arabera, "beharrezkoa da gertatu daitezkeen hornidura gabeziak aurreikustea", eta, orain, "frogatuta" geratu da Eusko Jaurlaritzaren txertaketa mailakatuaren estrategiaren egokitasuna. "Txertoa edozein preziotan jartzeko lasterketa eroa eraginkorra ez dela eta arriskutsua dela frogatu da", idatzi du sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak zehaztu duenez, Espainiako Estatuak aurreikusitako dosien % 56 jasoko du hurrengo astean, hau da, 205.725 txerto. Hurrengoan, urtarrilaren 25eko astean, dagozkion 360.000ak gehi aurreko astean falta izan direnak helduko zaizkio.
Illak prentsaurrekoan azaldu duenez, atzo eman omen zitzaien banaketaren berri autonomia erkidegoei, eta horretarako bi irizpide erabili dituztela azaldu du: "ekitatiboa" izatea, orain arte bezala, baina baita "garantista" ere, hau da, "lehen dosia jaso duten pertsonek bigarren dosia jasotzea bermatzea, 18tik aurrera".
Urkullurentzat guztiz "bidegabea" da erabaki hori, "aurreikuspenez jardun duenari kalte" egiten diolako, eta "ezin da berriro gertatu". "Zer gertatuko litzateke gaur eta asteazkena bitartean Euskadik eskuragarri dauden txertoen % 100 erabiliko balitu? Kasu horretan, beste erkidego batzuek baino txerto gehiago jasotzeko eskubidea izango genuke?", galdetu du lehendakariak.
Autonomia erkidego guztietako txertaketa irizpideak "argiak" izateko eskatu du Urkulluk, eta asteazkeneko Lurralde Arteko Batzordearen bileran estrategia hori "berraztertzeko eta bidezko erabakia hartzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Espero dut adostutako irizpideei eutsiko zaiela, eta ezin izango direla aurrerantzean aldatu", esan du.
Bestetik, Osasun Sailaren iturriek EITB Mediari esan diotenez, bigarren dosia "bermatuta" dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, hori izan da "beti" mailakatutako txertaketa kanpainaren helburua.
Egoera horren aurrean "zuhurtzia" mantentzen du Jaurlaritzak, eta EAEra helduko diren txertoen kopurua ikusi arte "itxarotea" erabaki du. "Astelehenean ikusiko dugu zenbat helduko diren", esan dute Osasun Sailaren iturriek.
Txertoen "erreserba estrategikoa"
Goizean, Radio Euskadiko legebiltzarkideen arteko eztabaidan, EAJren eta PSE-EEren ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren estrategia mailakatua defendatu dute, "erreserba estrategiko" bat bermatu duelako.
Luis Javier Telleria jeltzalearentzat, "erakutsi da" erreserba hori izatea "zuzena dela, eta egin ez duenak arazo bat duela". Horregatik, "zentzugabekeria" iruditzen zaio Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak txertoak banatzeko sistema aldatzea, orain arte dosi gehiago eman dituzten autonomia erkidegoak lehenesteko.
Oposizioak txertoen estrategia bat ez izatea egotzi dio Jaurlaritzari. EH Bilduko Nerea Kortajarena abertzalearen arabera, Exekutiboak ez du "txertaketa estrategiarik, egutegirik eta immunizatu nahi diren taldeen sekuentziarik".