Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboek gora egiten jarraitzen dute EAEn eta 835 kasu atzeman dira azken egunean
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Atzo 112 kasu diagnostikatu ziren Araban, 479 Bizkaian eta 228 Gipuzkoan. Gainera, 74 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19agatik eta 84 lagun daude ZIUn.
-
Donostia Ospitalea. Argazkia: EFE
Covid-19aren pandemia Euskal Autonomia Erkidegoan hirugarren olatuan sartu denaren dudarik ez da azken datuak ikusita. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, atzo beste 835 positibo diagnostikatu ziren (bezperan baino 75 gehiago).
11.255 proba egin ziren ostiralean (PCR eta antigeno testak) eta horien % 7,4k positibo eman zuten (bezperan baino 1,7 puntu altuagoa da positibitate-tasa).
Lurraldeka, 112 kasu diagnostikatu zituzten Araban, 479 Bizkaian, 228 Gipuzkoan eta 16 kasu EAEtik kanpoko herritarrengan. Zenbakiak ikusita, atentzioa deitzen du azken egunotan Bizkaian izaten ari den igoerak: Bezperan 412 kasu diagnostikatu zituzten eta atzo beste 479.
Ospitaleratzeetan izan den gorakada ere nabarmena da. Ostegunean 50 lagun ospitaleratu zituzten covid-19a zela eta atzo, ostirala, beste 74 pertsona. Gauzak horrela, jada 400 inguru dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan covid-19arekin dauden gaixoak eta Zaintza Intentsiboetako Unitateetan daude horietatik 84.
Gogoratu behar da astelehenera arte ez dela berrituko herriz herriko informazioa, RO indizea eta 100.000 biztanleko 14 egunetako intzidentzia metatua. Azken hori 348,64an zegoen ostiralean.
Nafarroako datuak
Nafarroako Gobernuak larunbat honetan emandako behin-behineko datuen arabera, beste 195 covid-19 kasu atzeman ziren atzo Nafarroan, PCR eta antigeno test bidez.
Orotara, 2.925 proba egin ziren eta %6,7k positibo eman zuten.
40.000 kasu berri, Espainian
Espainian, berriz, 40.197 positibo atzeman zituzte atzo, ostirala. Beraz, 2.252.164 kutsatu izan dira pandemia hasi zenetik. Gainera, 235 pertsona hil ziren egun bakarrean, eta hildako kopurua 53.314koa da martxotik.
100.000 biztanleko, 14 egunetan, metatutako intzidentzia tasa 575,10ekoa da.
Ospitaletan geroz eta jende gehiago dago. Covid-19a duten pertsonak betetzen dute ospitaleen % 15,69, eta ZIUen % 29,56. Guztira, 19.657 pertsona daude covid-19agatik ospitaleetan, eta ia 3.000 lagun zainketa intentsiboen unitateetan daude.