Gizartea
KORONABIRUSA
Illa: "Gobernuaren helburua herritarren % 70 udarako txertatuta egotea da"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
"Hirugarren olatua etxeko konfinamendurik gabe garaituko" dela iragarri du Espainiako Osasun Ministroak. Halaber, mugikortasuna murrizteko neurriek "babes legala" behar dutela gogorarazi du.
Salvador Illa Espainiako Gobernuaren Osasun ministroak prentsaurrekoa eman du larunbat goiz honetan, atzo covid-19aren inguruan bi gertakizun esanguratsu izan ondoren. Batetik, pandemia osoko kutsatze errekorra ezarri zen, 40.197 kasurekin egun bakarrean; bestetik, Pfizerrek datorren astean espero baino txerto gutxiago bidaliko dituela iragari zuen, bere faktorian egingo dituen obra batzuk direla medio. Lan horien ondoren, hori bai, datorren hilabeteetako produkzioa igo egingo du.
Espainia "oso egoera kezkagarrian" dagoela esanez hasi du Illak agerraldia, baina neurri egokiekin "hirugarren olatua garaitzea" lortuko dugula gaineratu du. Horretarako, baina, ez dute etxeko konfinamendurik aurreikusten.
Herritarren mugimendua mugatzen duten bestelako neurriak hartzeari buruz -etxeratze agindua 22:00etatik aurreratzea, adibidez-, Illak esan du ez dutela "ordu tarteak aldatzea baztertzen, jende guztiarekin hitz egin ostean", baina gogorarazi du herritarren mugikortasuna mugatzen duten neurri guztiak berme juridikoekin hartu behar direla, horrelako eskubide bat mugatzeko "legearen babes osoa" izan behar delako.
Pfizerren iragarpenari dagokionez, datuak eman ditu: Espainiak urtarrilaren 18an jaso behar zituen 360.000 dosien % 56 iritsiko dira, 205.725 dosi, zehazki; hurrengo astean, urtarrilaren 25ekoan, dagozkion 360.000ak gehi aurreko astean falta izan direnak helduko dira.
Atzo, azken orduan, eman omen zitzaien banaketaren berri autonomia erkidegoei, eta horretarako bi irizpide erabili dituztela azaldu du: "ekitatiboa" izatea, orain arte bezala, baina baita "garantista" ere, hau da, "lehen dosia jaso duten pertsonek bigarren dosia jasotzea bermatzea, 18tik aurrera".
Duela aste batzuk esandakoa berretsiz, "Espainiako Gobernuaren helburua herritarren % 70 udarako txertatuta egotea" dela esan du berriz ere Illa ministroak. Eta hori lortzeko behar den abiadura erdietsi dela jada defendatu du: "Dosien % 60 jarri dira eta egun bakarrean 90.000 pertsona txertatzera iritsi gara".
Hala, txertaketaren erritmoa "bikaina" dela defendatu du: "Espainia munduko 9. herrialdea da jarritako txerto kopuruari dagokionez, eta Europar Batasuneko lehenengoetakoa", bere datuen arabera.