Gizartea
KORONABIRUSA
195 positibo atzeman dira Nafarroan, aurreko egunetan baino zertxobait gutxiago
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Bi pertsona hil ziren ostiralean, covid-19agatik, eta, txertaketa-planari dagokionez, 10.886 pertsonak jaso dute lehen dosia atzora arte.
-
Atzo baheketa egin zuten Irunberrin. Beste baheketa baten artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak larunbat honetan emandako behin-betiko datuen arabera, beste 195 covid-19 kasu atzeman ziren atzo Nafarroan, PCR eta antigeno test bidez.
Orotara, 2.925 proba egin ziren eta % 6,7k positibo eman zuten.
Kasu berri horien artean, Irunberriko hainbat izan dira. Atzo covid-19a detektatzeko baheketa egin zen bertan, azken egunotan izan den agerraldia eteteko asmoz. Ostegunean bakarrik 10 kasu atzeman ziren herrian.
Errege Gaua ospatzeko izandako bileren ondoriozko agerraldia dela eta, 15-29 urte arteko zein 50 eta 69 urte arteko 550 pertsona deitu zituen baheketara Nafarroako Osasun Sailak. Azkenean, 348 proba egin eta bost positibo atzeman dira, "baheketa hauetan atera ohi dena baino balio pitin bat altuagoa", Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan.
Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu positiboen % 58, Tuteran % 15 eta Lizarran % 11. Gainerako positiboak (% 16) Nafarroako beste eremu batzuei dagozkie.
Kasu berrien adin-tarteei dagokienez, 45 eta 59 urte bitartekoen taldean atzeman ziren positibo gehien (% 30), eta 15 eta 29 urte bitartekoen taldean hurrena (% 22). Ondoren, 30-44 urtekoak (% 19), 60-75 urtekoak (% 11) eta 75 urtetik gorakoak (% 10) daude, eta, azkenik, 15 urtetik beherakoak (% 8).
Halaber, atzo bi pertsona hil ziren, 77 urteko gizonezko bat eta 80 urteko emakumezko bat. Pandemia hasi zenetik, 990 pertsona hil dira covid-19agatik Nafarroan.
Bederatzi pertsona ospitaleratu zituzten, gainera, eta une honetan 131 lagun daude ospitaleratuta, horietako 15 ZIUn.
Txertaketa
Refenan osasun-langileak txertatzen ari dira gaur, eta bertan izan da kontseilaria. Nafarroaren egungo egoera "kezkagarria" dela gogorarazi du, baina, beste erkidego batzuekin alderatuz gero, "hobeto" daudela nabermendu du. Batetik, Gabonen erdian neurriak gogortu izana eraginkorra izan dela nabarmendu du, eta, bestetik, jendeak arduraz jokatu duela adierazi du: "Herritar askok aldatu egin dute aurten Gabonak bizitzeko modua".
Beharrezkoa bada neurri gehiago hartuko dituztela ere aurreratu du.
Txertaketa planari dagokionez, 10.886 pertsonak jaso dute lehen dosia atzora arte (atzo, 1.503 dosi jarri zituzten). Langile soziosanitarioei ari zaizkie ematen une honetan covid-19aren kontrako txertoa Refenan eta, atzotik, osasun-arloko profesionalei ere bai.
Haur eta Lehen Hezkuntzako 186 ikasle konfinatuta
Bestalde, Nafarroako sare publiko eta itunpekoetako Haur eta Lehen Hezkuntzako 186 ikasle konfinatu dituzte azken orduetan. Konfinamendu horiekin, gaur egun 468 ikasle daude etxean isolatuta. Bi zikloetako ikasle guztien % 0,75 dira.
Zehazki, honako gela hauek konfinatu dituzte ostegunetik: Berriozarko Mendialdea Ieko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 20 ikasle; Corellako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 20 ikasle; La Milagrosa de Lodosako Haur Hezkuntzako 5 urteko 19 ikasle eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailako 25 ikasle; Iruritako Haur Hezkuntzako 3 urteko 8 ikasle, eta Cadreitako Teresa Bertran de Liseko Haur Hezkuntzako 5 urteko 13 ikasle.
Era berean, Angel Martinez Baigorri de Lodosako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 15 ikasle konfinatu dituzte; Tuterako Mariaren Konpainiako Haur Hezkuntzako 3 urteko 18 ikasle eta 5 urteko 24 ikasle, eta Tuterako Elvira Españako Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako 24 ikasle.
Datuek okerrera EAEn
EAE covid-19aren pandemiaren hirugarren olatuan sartu denaren dudarik ez da azken datuak ikusita. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, atzo beste 835 positibo diagnostikatu ziren (bezperan baino 75 gehiago).
11.255 proba egin ziren ostiralean (PCR eta antigeno testak), eta % 7,4k positibo eman zuten (bezperan baino 1,7 puntu altuagoa da positibo-tasa).