Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak errefusatu egin du terrazetan erretzeko debekua

N.B. | EITB MEDIA

Administrazioarekiko Auzien Salak gainerako murrizketak berretsi ditu, baina uste du Nafarroako Gobernuak ez duela erretzearen aurkako ezarpen hori justifikatzen duen txostenik aurkeztu.

1:20
Terrazetan erretzen jarraitu ahalko da. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak uste du Foru Gobernuaren justifikazioa ez dela "nahikoa" ostalaritzako establezimendu guztietako terrazetan erretzea debekatzeko.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean jakinarazi duenez, horri buruzko txosten espezifikorik aurkeztu ez duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ez du berretsi Osasuneko sailburuaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduan jasotako neurrien puntu zehatz hori.

Errekurtsoa jar daitekeen autoan, Salak gainerako neurri soziosanitarioen luzapena berretsi du, ostalaritzaren eremuan erretzea debekatzeari buruzko puntua izan ezik. Puntu horretan, bi metroko segurtasun-distantzia bermatuz gero, erretzea baimentzetik inola ere ez baimentzera pasatu nahi zen. Horrek, Auzitegiaren ustez, herritarren oinarrizko eskubideak gehiago mugatzea dakar, eta, beraz, ez da baimendu ziren osasun-neurrien luzapen hutsa, benetako aldaketa baizik.

Auzitegiak dioenez, Foru Aginduan honako hau baino ez da adierazten: "Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu guztiek debekatuta dute terrazetan erretzea (upelak barne); izan ere, terrazetan erretzeak kutsatzeko arrisku handia dakar establezimendu horietan, eta saihestu egin behar da, erretzen duenaren eta terrazetan daudenen artean dagoen distantzia alde batera utzita".

"Justifikazio hori ez da nahikoa osasun publikoaren ikuspegitik beharrezko neurria den ala ez ikusi ahal izateko; izan ere, ez da ad hoc txostenik aurkeztu sala honek neurri horren beharra eta proportzionaltasuna baloratu ahal izateko, soilik bilakaera epidemiologikoari buruzko datuak", errepikatu dute magistratuek, eta "berriro" ohartarazi dute Administrazioak badituela horretarako baliabide nahikoak, eta hori ez dela "ahaztu behar" etorkizunerako.

Beraz, Foru Aginduan mantendu egiten da terrazetan erretzeko debekuari dagokion murrizketa, baldin eta bi metroko segurtasun-distantzia bermatu ezin bada.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.