Gizartea
Garraiko publikoa
EBtik jasotako laguntzek baldintzatuko dute Bilboko metroaren 5. linearen garapena
L.Z. | EiTB MEDIA
"Gure esku dagoen guztia egingo dugu metroa Galdakaora iristeko", esan du Rementeriak. Halaber, Europatik jasotako diru laguntzen garrantzia azpimarratu du, "proiektuak argia ikus dezan".
-
Bilboko metroaren geltoki bateko sarrera. EFEren artxiboko argazkia
Bilboko metroa Bizkaiko udalerri gehiagotara zabal dadin, eta zehazki 5.linea Etxebarriko geltokitik Galdakaora eta Usansoloko ospitalera hel dadin, nahitaezkoa izango da Europar Batasunak bultzatutako Next Generation programaren diru laguntzak jasotzea, horrek baldintzatuko baitu proiektuaren garapena, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurreratu duenez.
Asteazken honetan agerraldia egin du Rementeriak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarekin batera, metroaren 4. eta 5. lineen proiektuekin lotuta izan duten bileraren berri emateko.
"Gure esku dagoen guztia egingo dugu metroa Galdakaora iristeko", esan du Rementeriak. Horretarako, Europatik jasotako diru laguntzen garrantzia azpimarratu du, "proiektuak argia ikus dezan".
"Europak diru laguntzak eman ezean, proiektu hau bideraezina da epe laburrean. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, alegia, ekonomia suspertzen denean", nabarmendu du ahaldun nagusiak. Halaber, ziurtatu du Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "ahalegin guztia" egingo dutela egitasmoa gauzatzeko.
Garraio sailburuak, bestalde, 5. linearen proiektuaren kostua zenbatekoa izango den argitu du. Dagoeneko zehaztuta dute proiektuaren nondik norakoa, eta badute ingurumenarekin lotutako baimena ere.
Guztira, 350 milioi euroko inbertsioa dakar horrek. Asmoa da % 70 (245 milioi euro) Europatik iritsitako funtsetatik jasotzea, eta % 30 (105 milioi euro) euskal erakundeek finantzatzea.
Abando eta Zorrotza lotuko dituen 4. lineari dagokionez, Arriolak esan du dagoeneko bukatu dutela lehen ikerketa fasea, eta bi aukera dituztela esku artean. Horietako bat litzateke Renfe aldirietako linea erabiltzea, eta funikularren bidez Errekalde eta Irala auzoekin lotzea. Bigarrena, berriz, bi auzo horietan lur azpiko geltoki berriak eraikitzea litzateke.