Gizartea
Ertzaintzaren Ikerketa
Arrigunagan aurkitutako gorpuaren arrastoen bila aritu dira Nerbioi itsasadarrean
N.B.| EiTB MEDIA
Ikuskatutako tartea Erandioko udalerritik itsasadarraren El Abrako bokaleraino doa.
Ertzaintzak Nerbioi itsasadarra ikuskatu du gaur goizean, Erandiotik bokalera arte, Getxoko Arrigunaga hondartzan gorpuzkiak aurkitu ostean irekitako polizia-ikerketaren harira ebidentzia berriak bilatzeko.
Itsasargi itsasontziko Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko talde batek Bilboko itsasadarraren zati bat ikuskatu du gaur, Getxoko Arrigunaga hondartzan igandean eta astelehenean aurkitutako gorpuzkiak identifikatzeko eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko abiatutako ikerketaren zantzuak bilatzeko.
Ikuskatutako tartea Erandioko udalerritik itsasadarraren El Abrako bokaleraino doa. Ur bidezko miaketak agenteen laguntza izan du lurrean.
Ertzaintzako Ikerketa, Zaintza eta Erreskate Unitateko eta Txakurren Unitateko agenteek Getxo eta Sopelako kostaldea arakatu dute, lurrez eta itsasoz, hondakinen eta bestelako ebidentzien bila. Kasuaren ikerketak zabalik jarraitzen du, kriminalitate susmoekin eta hipotesirik baztertu gabe.
Gainera, kostaldetik (Getxoko Ereaga, Arrigunaga eta Azkorri hondartzetatik) jasotako materialekin osatutako hiru edukiontzi aztertu dituzte.