Gizartea
KORONABIRUSA
98 pertsona kutsatu dira Zamudioko adinekoen egoitza batean izandako agerraldian
A. S. | EITB MEDIA
Gainera, beste agerraldi bat izan da Bilboko Erruki-etxean: 13 egoiliar eta bost langile kutsatu dira. Nafarroako bi zahar-etxetan ere izan dira kutsatzeak.
Zamudioko Truiuondo adinekoentzako egoitzan egindako PCR proben azken baheketan 98ra igo da COVID-19arekin kutsatutako egoiliarren eta langileen kopurua, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. Lehen 4 kutsatzeak urtarrilaren 2an izan ziren.
Atzo egindako probetan beste kutsatutako beste 22 erabiltzaile atzeman ziren, 67 guztira. Horiei kutsatutako 31 langileak gehitu behar zaizkie. 98 dira, beraz, agerraldian kaltetuak. Lehenengo kasuak urtarrilaren 2an detektatu ziren, covid-19an positibo eman zuten 4 erabiltzaile agertu ostean.
Hitzartutako plazak dituen egoitza bat da, eta oraindik covid-19ari aurre egiteko txertoa jarri gabe zuten.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken bi egunetan lau adineko hil dira Bizkaiko erresidentziatan. Hortaz, bigarren olatua hasi zenetik 148 pertsona zendu dira koronabirusarekin.
Gainera, beste agerraldi bat izan da Bilboko Erruki-etxean: 13 egoiliar eta bost langile kutsatu dira. Pfizerren txertoaren lehen dosia jarrita zuten.
Egun, 242 adineko daude kutsatuta Bizkaiko zahar-etxeetan, duela bi egun baino 111 gehiago.
Horrez gain, Gipuzkoako erresidentziatan pertsona bat hil da eta beste bi positibo izan dira azken orduetan. Foru Aldundiak azaldu duenez, heriotza Aretxabaletako Debagoiena egoitzan izan da. Egoerari larrienak zentro horretan bizi dute; izan ere, 31 kasu aktibo dauzkate.
Araban, berriz, egoerak hobera egin du azarotik hona eta Foru Aldundiak ez du agerraldirik detektatu azkenaldian. Hala, egun zazpi egoiliar soilik daude koronabirusarekin giaxorik. Udaz geroztik 36 pertsona zendu dira.
Bestalde, Nafarroan beste bi agerraldi izan dira Buñuel eta Cortes udalerrietako zahar-etxeetan. Aipatzeko da urtarrilaren 4an jarri zietela txertoa zentro horietako egoiliarrei.
Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, Buñueleko San Gregorio erresidentzian 15 positibo izan dira -37 egoiliar daude-; eta Corteseko Carmen Bellido zentroan, bost.