Gizartea
KORONABIRUSA
Gauerditik ezin da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean mugitu
N. B. / O.A. | EITB MEDIA
Gainera, saltokietako edukierak mugatuko dira eta eskola kirola baimenduko da. Ostegun honetan ezagutuko da eremu gorrian daudelako itxiko dituzten udalerrien zerrenda.
Gauerditik debekatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeen artean mugitzea, salbuespenak salbuespen, koronabirusaren kutsatzeen katea eteten saiatzeko LABIren Aholku Batzordean astelehenean hartutako neurriak indarrean sartu ostean. Gainera, edukiera % 40ra mugatu da 150 metro karratutik gorako saltokietan eta % 60ra, ostera, 150 metro karratutik beherakoetan. Gainera, eskola kiroleko entrenamenduak baimendu dituzte eta joko-eta apustu-etxeek ateak ireki ahalko dituzte berriro.
Halaber, ostegun honetan emango dute ezagutzera eremu gorrian daudelako itxiera perimetrala ezarriko zaien udalerrien zerrenda (14 egunean 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako tasa duten herriena). Astelehenetan eta ostegunetan jakinaraziko dute itxi beharreko herrien zerrenda.
Atzo, 817 positibo berri zenbatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, azken egunetako kopururik handiena. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo bertan iragarri zuenez, datozen egunetan ere datuek okerrera egitea espero du Jaurlaritzak.
1/2021 dekretua, urtarrilaren 12koa, atzo argitaratu zen EAEko Aldizkari Ofizialean, covid-19aren hedatzea eteteko neurriak barne hartzen dituena.
Dekretu berriaren arabera, baimenduta dago lurralde historikotik irtetea, baldin eta mugakide den udalerri batera joateko bada. Aitzitik, bi udalerri horietako bat eremu gorrian badago, alegia, azken 14 egunean 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan baditu, debekatuta egongo da herri horretatik irtetea edo bertara sartzea. Gainera, autonomia erkidego ezberdinetan dauden udalerri mugakideen kasuan, ez da irizpide bera aplikatuko, EAEtik ateratzea debekatuta baitago gaur-gaurkoz, salbuespenak salbuespen.
Bestalde, gaurtik aurrera eskola kiroleko entrenamenduak egin ahalko dira, gehienez ere sei pertsonako taldetan eta eremu gorrian dauden udalerrietan izan ezik.
LABIko Aholku Batzordeak lurralde historikoen perimetroa berriro mugatzea erabaki zuen astelehenean, baita 14 egunean 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrietan ere, Gabonetako jaien ostean, mugikortasuna mugatzeko eta koronabirusaren kutsatzeak geldiarazteko.
Orain arte, EAEko perimetroa itxita zegoen, baina udalerrien eta probintzien arteko joan-etorriak baimenduta zeuden. Orain, erkidegoaren itxierari eustea eta lurraldeen arteko joan-etorriak mugatzea adostu dute. Gainera, eremu gorrian dauden udalerriak mugatzea erabaki dute; hala, bertako biztanleak ezingo dira horietatik atera, ezta herri mugakideetara joateko ere. Gaur egun, bederatzi udalerri daude "eremu gorrian".
Era berean, indarrean jarraitzen dute Euskadiko konfinamendu perimetralak, gaueko etxeratze aginduak (22:00etatik 06:00etara), gehienez sei pertsonako bilerak, eta jarduerak 21:00etarako eteteak, bai eta merkataritza-establezimenduetako edukiera mugak ere.
Era berean, ostalaritza-establezimenduak 20:00ak eta 06:00ak bitartean itxi beharko dituzte, eta establezimendu horiek erabat itxi beharko dituzte 14 egunean 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako tasa duten udalerrietan.
Gorriz ez dauden udalerrietan eskola-kirola berriro abiatzea baimenduko da, baina entrenatzeko baino ez. Entrenamendu horiek gehienez ere sei pertsonako taldeetan antolatu beharko dira, osaera aldatu gabe, eta ezingo dira aldagelak erabili.
Gainera, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gutxiagoko intzidentzia-tasa duten udalerriei dagokienez, joko- eta apustu-etxeak berriro ireki ahalko dituzte, edukiera, ordutegiak eta ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkion antzeko prebentzio-neurriak betez gero.