Itxi

Gizartea

SARE SOZIALAK

Parler, ultraeskuindarren artean 'modan' dagoen sare soziala, blokeatu egin dute

A. S. | EITB Media

Twitterren alternatibak Amazonen, Appleren eta Googleren euskarriak galdu ditu. Sare sozial honek askatasun osoa ematen dio erabiltzaileari edozein motatako edukiak partekatzeko orduan.

  • Parler sare soziala blokeatu dute.

    Parler sare soziala blokeatu dute. Argazkia: EFE

Parler, Twitterren antzekoa den mikroblogging sare soziala, blokeatu egin dute. Era guztietako edukiak argitaratu daitezke, inongo kontrolik gabe, eta Jack Dorseyk sortutako plataformatik kanporatuak izan direnek erabili ohi dute. Twitterren alternatiba honek Amazonen, Appleren eta Googleren euskarriak galdu ditu.

Parlerren sortzaileek "libreki hitz egin" daitekeen sare sozial gisa aurkezten dute, ez dira edukiak neurtzen, eta erabiltzaileen kontuak ere ez dira ezabatzen; izan ere, bakoitzak nahi duen guztia egin eta argitaratu dezake, zigorrik jaso gabe.

Sare soziala 2018ko abuztuan sortu zen. Hala ere, azken hilabeteetan Estatu Batuetako kontserbadore eta eskuin muturreko askoren gustuko plataforma bihurtu da. Astelehen honetako lehen ordutik, ordea, Amazonek zerbitzarietan ostatua emateari uztea erabaki du, azken orduetan mezu bortitzak ugaritu direlako.

Amazonen erabaki hau Applek eta Googlek denda birtualen aplikazioa kentzeko hartutako erabakiarekin batera iritsi zen, ustezko arau urraketa bati erantzuteko, Donald Trump presidente ohiaren jarraitzaileak Kapitolioan sartu eta egun gutxira. Gertakari horren ostean, Facebookek, Instagramek eta Twitterrek presidente ohiaren kontuak blokeatzea erabaki zuten.

Eskuin muturraren bozgorailua

Parler konspirazioaren teoria ugariren bozgorailu bihurtu da, eta hilaren 6an Kongresuaren egoitzari egindako erasoarekin amaitu ziren protestak antolatzeko bide nagusietako bat izan zen. Joan den ostegunetik, aplikazioak hirukoiztu egin du erabiltzaile kopurua, ez bakarrik Estatu Batuetan, baita mundu mailan ere.

Sare soziala oso modu esanguratsuan hazi da azken hilabeteotan, eskuin muturreko figuren babesleku bihurtu baita; izan ere, horien edukiek ez dituzte betetzen gorroto diskurtsoaren eta indarkeriaren aurkako arauak, besteak beste, Twitter edo Facebook plataformetan, eta kontserbadoreek Interneteko erraldoiak haien aurka lerratuta ikusten dituzte.

Dena dela, Parlerren "boom"-a joan den azaroko hauteskundeen ostean iritsi zen, eta ordutik 10 milioi erabiltzaile izan ditu, enpresaren arabera.

Interneteko erraldoiek Parlerri gorrotozko diskurtsoak eta indarkeria bultzatzea eta argitaratzen diren edukiak moderatzeko ahaleginik ez egitea leporatzen diote, horrela erabilera-terminoak urratuz.

Zuzendaritza, plataforma berri baten bila

Asteburuan sarean zabaldutako mezu batean, John Matze enpresako kontseilari delegatuak erabiltzaileei aurreratu zien Parler zerbitzutik kanpo egon zitekeela zenbait egunez, eta, bitartean, edukiak beste plataforma batean gordetzen ari zirela.

Enpresak "lehiakideekin amaitzeko erraldoi teknologikoen eraso koordinatuaren" biktima dela salatu du.

Astelehen honetan, Parlerrek salaketa bat jarri du Seattleko (Washington, AEB) auzitegi batean Amazonen aurka, arrazoi politikoengatik eta lehiagatik kanporatu dutela argudiatuz.

Aplikazioa deskargatu ezin denez eta webgunean sartu ezin denez, Parlerren blokeoa erabatekoa da. Aplikazioa beste hosting konpainia bat aurkitzen saiatzen dabil, baina ez dirudi erraza Amazon ahalguztidunak blokeatu ondoren.

Egoerak kritika ugari eragin ditu aplikazioaren erabiltzaileen eta Donald Trumpen aldekoen artean, eta Twitterren gisako sare sozialak erabili dituzte adierazpen askatasunari egindako irainaz kexatzeko.