Gizartea
Koronabirusa
Aste honetako txertaketa bermatuta dago EAEn
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Iberiar Penintsula astindu duen denboraleak txertoen hurrengo bidalketaren inguruko zalantzak eragin dituen arren, Eusko Jaurlaritzak txertaketa egutegia mantentzen du.
-
Forondara heldutako lehen txertoak. Argazkia: EFE
Osasun agintariek ezarritako covid-19aren kontrako txertaketa planari jarraiki, astelehenean Pfizer-BioNTeck txertoaren dosi berriak heldu beharko lirateke Euskal Autonomia Erkidegora.
Espainiar Estatura Belgikatik etorritako hegaldi batek astelehen goizaldean eramango omen ditu aste honetako dosiak Barajasko aireportura (Madril). Filomena denboraleak mugikortasun arazo larriak eragin ditu Madrilen, eta aireportua itxita egon da ostiral gauetik. Hala ere, Espainiako Gobernuaren Garraio eta Barne ministroek dosiak heltzeko lanean daudela esan dute.
Aurreko asteetan Madril, Bartzelona, Gasteiz, Valentzia eta Sevillako aireportuetara heldu dira dosiak, eta handik banatu dituzte autonomia erkidego guztietara. Hain zuzen, Forondako aireportuetatik sartu dira EAE, Nafarroa, Kantabria, Asturias, Gaztela eta Leon eta Aragoirako txertoak.
Aste honetako bidalketaren inguruan zalantzak sortu dira. Elurrak eta izotzak penintsula erdialdean sortutako arazoei abenduan bidalketa atzeratu zuten ekoizpen arazoak gehitzen zaizkie.
Foronda, Barajasen ordez
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari galdetuta EITB Mediak jakin ahal izan duenez, "gure esku ez dagoen zerbait bada ere, gaur egun aurreikuspenak lehengo berberak dira. Hau da, bihar txertoen dosiak helduko dira orain arte bezala, Forondatik".
Zentzu horretan, Osasun Ministerioarekin batera, Barajas ordezkatzeko aukerak aztertzen ari direla esan du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak; izan ere, Madrilgo aireportutik hegaldiak aireratzen hasi dira dagoeneko, baina oraindik hegazkinek ez dute lur hartzerik.
Ondorioz, Arabako aireportua Espainiako Estatu osoarentzako txertoen helmuga izan daiteke. Forondak logistika “guztiz prest” du, bertatik txertoa errepidez Madrilera eramateko, ministroak azaldu duenez.
“Norabide batean zein bestean txertoaren hornidura bermaturik dago”, errepikatu du.
Edozein kasutan, Sailak gogorarazi du "Euskadik txertoen erreserba estrategiko bat gordetzea erabaki zuela, eta horri esker, aste honetako txertaketa bermatuta dago".
Laborategiekin adostutako plangintzaren arabera, goizaldean Pfizer/BioNTech konpainien 350.000 txerto dosi berri helduko dira Espainiara, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.