Gizartea
KORONABIRUSA
Covidak egun bakarrean utzi duen hildako kopururik handiena, atzo munduan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
15.000 pertsona hil dira covid-19agatik egun bakarrean eta 800.000 kutsatze atzeman dira. Pandemia hasi zenetik 1,9 pertsona hil dira jada koronabirusarekin.
-
New Yorkeko ospitale bateko ZIUa. AEB da kutsatu gehien dituen herrialdea. Argazkia: EFE
Pandemia hasi zenetik, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako eguneko hilkortasun datu larriena erregistratu zen atzo, urtarrilak 9. Izan ere, larunbat honetan 15.000 pertsona hil ziren covid-19 gaixotasunaren ondorioz. Halaber, 800.000 kutsatze berri erregistratu ziren, urtebetean egun bakarrean izan den zifrarik altuenetako bat.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez, dagoeneko 1,9 milioi pertsona hil dira covid-19arekin munduan, eta kutsatutakoak 87,5 milioi dira.
Europari dagokionez, 273.000 pertsona kutsatu eta 6.000 hil ziren ostiraletik larunbatera bitartean (28 milioi kasu eta 622.000 heriotza izan dira pandemia hasieratik), baina OMEren arabera, oraindik ez da argi ikusten igoera nabarmenik, aurreko asteekin alderatuta.
Amerika da kezka iturri nagusia. Atzo 440.000 diagnostiko positibo eta 7.800 heriotza izan ziren. Kontaketa osoa eginda, pandemia hasi zenetik, 38 milioi kutsatu eta 900.000 hildako baino gehiago izan dira kontinente honetan, orain arte.
Aditu gehienen arabera, Eguberrietako jaiek ospitaleratzeak ugaritzea ekarri dute munduan, oro har, eta ondorioz, osasun sistema asko kolapsatzeko zorian daude edo kolapsatu egin dira, Latinoamerikan batez ere.
AEBak dira herrialde kaltetuena (21 milioi kasu), ondoren India (10 milioi) eta Brasil (8 milioi).
Erresuma Batuan, Boris Johnson lehen ministroak koarentena zorrotza ezarri zuen urtarrilaren 4an, kasu eta heriotzen gorakada esponentzialaren aurrean. Izan ere, positiboen gorakadaren kurba entengabe igotzen ari da (2,9 milioi kutsatu). Errusian, berriz, 3,3 milioi kutsatu dituzten arren, kontrako norabidean doaz.
Frantzian (2,7 milioi kutsatu), Italian (2,2 milioi) eta Espainian (2 milioi) eguneko positiboen kurbak gora egin du berriro, baina oraindik ez dira azaroko maximoetara iritsi.
Alemania (1,8 milioi kasu guztira) nolabaiteko egonkortzea erakusten ari da, azken asteetan gorakada handia izan ondoren.