Gizartea
EGURALDIA
Lau hildako eragin ditu Filomena denboraleak Espainian
EIDER JAUREGI OIARTZABAL |EITB MEDIA
Gainera, 1.500 pertsona erreskatatu behar izan dituzte Madrilen. Teruel, Zaragoza, Tarragona, Castello eta Valentzia abisu gorrian dira une honetan, muturreko arriskuagatik.
Iragarpen meteorologikoek Filomena ekaitzak elurte handiak ekarriko zituela zioten eta bete-betean jo dute. "Azken 50 urteetako denboralerik gogorrenaren aurrean gaude", adierazi du Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak, eta joan-etorri guztiak saihesteko eskatu die herritarrei. Izan ere, elurteak triskantza eragin du penintsularen erdialdean eta Madril izan da kaltetuenetakoa.
Lau pertsona hil dira denboralearen ondorioz Espainiar Estatuan: bikote bat Mijasen (Malaga), urak arrastaka eramanda; 54 urteko gizon bat Zaragozan, elurrak lurperatuta; eta etxegabe bat Calatayuden (Zaragoza), hotzak jota.
Elurteak muturrekoak izaten ari dira Penintsularen erdialdean. 1971tik ez du horrenbeste elurrik egin, AEMETek jakitera eman duenez, eta Larrialdietarako Unitate Militarrak ehunka ibilgailu erreskatatu behar izan dituzte Estatu osoko errepideetan. Madrilen bakarrik ia 1.500 pertsona erreskatatu dituzte.
Madrilgo aireportuak jarduera guztia eten du, baita trenek eta autobusek ere, eta metroak, unean-unean, zerbitzua emateari utzi dio.
17:00ak aldera utzi dio elurra egiteari Madrilen, 30 orduz etenik gabe aritu ostean.
Filomena amaitzen denean, egoera "berdina edo arriskutsuagoa" izango da izotza dela eta
Abalosek ohartarazi duenez, Filomena denboralea joaten denean, egoera "berdina edo arriskutsuagoa" izango da, izotz plakak sortuko baitira. "Ekaitza amaitzen denean, hotz handiari aurre egin beharko diogu, tenperatura oso baxuak izango dira eta agian egoera arriskutsuagoan sartuko gara. Izotz horiek desagertzea kostatu egingo da", adierazi du.
Filomena depresioak alerta gorrian jarri ditu Teruel, Zaragoza, Tarragonara, Castello eta Valentzia, eta bera desagertzearekin batera, penintsula erdialdean ostegunera arte iraungo duen hotzaldia iritsiko da: -10ºC-ko minimoak izango dira Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) emandako abisu bereziaren arabera.
Euskal Herrian ez da horrenbeste hoztea espero eta tenperaturak gora egiten hasiko dira asteazkenetik aurrera.