Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Eskola-kirola baimentzea aldarrikatu du Bultza Kirola Euskadi plataformak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Gateizen eta Donostian, 12:00etan abiatuta. Eskola-kirolaren inguruan ezarritako neurri murriztaileak moldatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

  • Bultza Kirola Euskadi plataformaren manifestazioa, Donostian.

    Bultza Kirola Euskadi plataformaren manifestazioa, Donostian, gaur. Argazkia: Euskadi Irratia.

Haurrentzat kirola egitea "funtsezkoa" delako, eskola-kirola baimentzea aldarrikatu dute EAEko hiru hiriburuetan, gaur eguerdian, egin diren manifestazioetan.

Bultza Kirola Euskadi plataformak deitu ditu protestak, 500 bat kirol-erakunde biltzen dituen erakundeak. Covid-19a dela-eta Eusko Jaurlaritzak eskola-kirolaren inguruan ezarritako neurri murriztaileak moldatzeko eskatzera atera dira kalera, 12:00etan. Bilboko manifestazioa Moyua plazatik abiatu da; Gasteizkoa, Bilbo plazatik, eta Donostiakoa, Boulevardetik.

Pandemiari aurre egiteko neurrien artean, profesionala edota erdi profesionala ez den kirol-jarduera oro etetea erabaki zuen Jaurlaritzak, baita, eskola-kirola ere.

Bultza Kirola Euskadi plataformaren esanetan, azken hilabeteotan "argi ikusi da" kirol-jardueretan kutsatzeko "arriskurik ia ez" dagoela, babes-neurriak ondo hartuz gero. Are,
"kirola osasuna" dela eta "pandemiaren aurkako jarduera eraginkorra" dela erakusten dute hainbat ikerketek, manifestazioen deitzaileen arabera.

Halaber, hezkuntza arautuaren "lehentasunetako bat" kirola modu egokian sustatzea dela nabarmendu dute plataformatik, eta, hori dela eta, haurrek kirola egitea "funtsezko" jardueratzat hartu beharko litzakeela uste dute. "Hezkuntza-zentroetan gune seguruak sor daitezkeela erakutsi da, eta, beraz, kirolean ere posible da", esan dute.

"Onurak arriskuak baino gehiago" direla defendatzen dute bultzatzaileek. Horregatik, "behar diren formulak" aurkitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.