Gizartea
Koronabirusa
Egoera kezkagarritzat jo du LABIk, baina ez du oraingoz neurri berririk proposatu
L.Z. | EiTB MEDIA
Aste honetan egin duten bigarren bilera izan da gaurkoa. Astelehenean berriro bilduko dira, eta orduan iragarriko dute EAEn indarrean dauden covid-19aren aurkako neurriak zorroztuko dituzten ala ez.
-
LABIren bilera. EITB Mediaren bideo batetik hartutako artxiboko irudia
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzorde teknikoa astelehenean, urtarrilaren 11n, bilduko da berriro koronabirusaren pandemia Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den bilakaera aztertzeko.
Ostiral honetan ere hitzordua izan du LABIren batzorde teknikoak, baina ez du oraingoz neurri berririk proposatu. Astelehenean jakingo da, beraz, EAEn covid-19aren aurka indarrean dauden neurriak zorroztuko dituzten ala ez.
Aurreratu duten bakarra da gaur egungo datuak "kezkagarriak" direla. "Goranzko joera hartu dute, eta nahiz eta bilakaera geldo joan, egoera arduratzeko modukoa da", esan dute.
Gaur-gaurkoz % 7,1ean dago positiboen tasa EAEn, atzo 535 kasu berri atzeman ostean. Ospitaletako egoera, baina, egonkor dago: 364 gaixo daude ospitalean covid-19ak jota, aurreko egunean bezainbeste.
Horregatik, "egoeraren ziurgabetasuna" dela eta, astelehenean berriro bilduko dira asteburuan jasotako datuak esku artean dituztela. "Beharrezkoa bada, orduan zorroztuko ditugu neurriak", erantsi du Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen LABIren batzorde teknikoak.
Urkulluk berak ere "oso larritzat" jo zuen egungo egoera asteazkenean egindako adierazpenetan. Gabonetako jai eta ospakizunen eragina "urtarrilean zehar" jasan daitekeela gaineratu zuen.
"Urtarrilean zehar jasan dezakegu horren eragina, gure inguruko herrialde askotan gertatzen hasi den bezala" ohartarazi eta egoera epidemiologikoaren adierazle batzuk Euskadin 3. mailatik 4.era igaro direla erantsi zuen, "joera" eta "erreprodukzio-indizea" esaterako.