Gizartea
Eguraldia
Bilbok plan berezia jarri du martxan, elurra itsas mailan egin dezakeela eta
E.G. | EITB MEDIA
Udalak 200 tona gatz pilatu eta hainbat ibilgailu prest ditu beharrezkoa balitz hiribilduko kale nagusiak zein osasun-etxe, azoka edo garraio-zerbitzuetarako sarbideak garbitzeko.
-
Bilboren ikuspegia Arangoiti auzotik. Argazkia: Antonio Jimenez Roncero
Asteburuan abisu horian izango da Euskadi elurra itsas mailan eta izotza bota dezakeela eta. Iragarpen horren aurrean, plan berezia prestatu du Bilboko Udalak muturreko baldintza meteorologiko horiei aurre egiteko. Hala, 200 tona gatz pilatu ditu uriko goiko aldeetan botatzeko. Horrez gain, beharrezkoa balitz, hiribilduko kale nagusiak zein osasun-etxe, azoka, ikastetxe eta garraio-zerbitzuetako bideak garbitzeko baliabideak prest ditu.
Udalak gogorarazi duenez, elurragatik ezarritako abisu horia 06:00etatik 24:00etara egongo da indarrean, eta izotza eta tenperatura baxuengatik ezarritakoa, egun osoa.
Hori dela eta, Udalak berehala jarduteko moduan ditu garbiketa-zerbitzuetako langileak eta hainbat ibilgailu, uriko barruti guztietan banatuta. Izotzik ez egiteko prebentzio-lanak egingo dituzte eta, behar izanez gero, kaleetan pila daitekeen elurra kenduko dute.
Baliabide materialei dagokienez, honakoak ditu prest: kamioiak hortzekin eta gatza zabaltzeko makinarekin, pick-up-ak hortzekin eta gatza zabaltzeko makinarekin, erraztatzeko makina hortzekin, zisterna-kamioiak (gatzuna zabaltzeko makinarekin), kamioi-garabi bat (gatzez hornitzeko) eta 200 tona gatz.
Era berean, prebentzio-neurri modura eta izotza egonez gero, garbiketako taldeek gatza eta gatzuna zabalduko dute kalterik handiena izan dezaketen hiri-guneetan. Hots, hiriko auzo altuenetan, hala nola, Artxanda, Enekuri, Miraflores gaina...
Operatibo horrek hiriko bide nagusiak eta zubiak erabiltzeko moduan izatea bermatuko du, baita osasun-etxe, azoka edo garraio-zerbitzuetarako bideak garbi egotea, zehaztu du Udalak.
Halaber, herritarrei laguntza eskatu die eta kalean aterperik gabeko pertsonarik ikusiz gero, Udaltzaingora deitzeko eskatu du, udal baliabide desberdinetan aterpea eskaintzeko modua izan dezaten.
Azkenik, autoa erabili behar izanez gero, kontu handiz ibiltzeko gomendioa eman du Udalak, "batez ere hiriko gune altuenetan biziz gero".