Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Gotzone Sagardui: "Euskadik bilakaera negatiboa eta kezkagarria du"

I. G. | EITB MEDIA

Bizkaian eta Gipuzkoan "kasuen hazkundea nabarmenagoa izan da", Osasun sailburuaren arabera.

1:10
Gotzone Sagardui. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

"Bilakaera negatiboa eta kezkagarria" jasaten ari da Euskal Autonomia Erkidegoa, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, eta baliteke datozen egunetan ospitaleratze eta heriotza gehiago izatea, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ziurtatu duenez.

Sagarduik prentsaurrekoa eman du ostegun arratsalde honetan Bilbon, Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin batera, EAEko egoera epidemiologikoa aztertzeko.

Agerraldian onartu duenez, sailburuak autonomia erkidegoa "ez dago ondo", "bilakaera negatibo eta kezkagarria" gertatzen ari delako, eta, ondorioak ateratzeko goiz bada ere, Bizkaian eta Gipuzkoan kasuen hazkundea nabarmenagoa izan dela nabarmendu du.

Bere ustez, horrek "ospitaleratze gehiago, zainketa intentsiboetako unitateetan sarrera gehiago edo heriotza gehiago" eragin ditzake. Gainera, joan den astean 57 pertsona hil zirela koronabirusagatik gogorarazi du.

"Ziurgabetasun eta arrisku egoeran jarraitzen dugu, eta erne egon behar dugu. Lehentasunezkoa da erantzukizunez jokatzen jarraitzea birusaren transmisioa geldiarazteko eta, ahal den neurrian, murrizteko", gaineratu du.

Txertoak "pandemiaren bilakaeran mugarri" bat ezartzen duela esan ostean, ez lasaitzeko deia egin du, birusaren transmisioa "oraindik oso altua" delako Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori dela eta, prebentzio neurriak zorrotz betetzeko eskatu die "guztiei", "geldiarazteko eta kutsatzea saihesteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.